Errautsetatik
Umeak ginela, nagusitan futbolariak izan nahi genuela esaten genuen lagun pare batek. Zaleak baginen behintzat, eta herrian bagenuen klub bat, bere garaian herritar talde batek mimoz sortua, tartean gure osaba bat zegoelarik. Aita eta osaba jokalari izan ziren urte askotan zehar eta ama zuzendaritzako kide, beraz, ematen zuen gutxienez, proba egitera derrigortuta geundela hurrengo belaunaldikoak ere. Nahikoa zen ostiko batzuk eman eta izerdia egiteko baina, gogotik saiatu arren, asmoak eta esperantzak arin akitu zitzaizkidan goitik behera begiratu nintzen momentuan.
Kudeaketa txarrak hautsi zuen herriaren eta taldearen arteko lotura, eta distantziamendu horrek akabatu zuen Busturia Kirol taldea. Hala, herriko gazte ugarik inguruko herri handietan bilatu behar izan zuten futbolean jolasteko aukera. Itxas-Adarreko argiak itzali egin ziren, eta zelaiko belarra era deskontrolatuan hazten ikusi genuen tren geltokira bidean edo paseoan gindoazenok, nostalgiaz zeharka begiratzen genuen bitartean.
Iaz, guraso batzuen ekimenak jarri zuen oinarria, eta apurka batu zirenekin batera eman diote forma klub berriari: Busturia Ur-Zelai. Proiektua ezagutaraztearekin batera batu dira ehunka herritar ideiaren babesera, aktibo, laguntzaile edo bazkide eran. Hiru taldek osatzen dute estruktura: alebinen bi taldek eta nagusienak. Kasu, 15 urte beranduago, herrian talderik gabe geratu ziren kimu haietako asko, klub berriko talde nagusiko jokalariak dira eta txikiek ez daukate kanpora jolastera joan beharrik, beraiek hala nahi izanez gero behintzat. Zein gauza ederra.
Ligan hasiak zeudela eta, nagusien partidua ikustera hurreratu nintzen lehengo egunean. Ahaztuta neukan sentsazioa zen Itxas-Adarreko larunbat arratsaldeetakoa. Euria eta lokatza tokatu zen, eta hegaletik ikusle geunden ausartok ere takodun boten beharrizana nabaritu genuen, bai. Sasoiotan oraindik badira eguraldiak errespetatzen dituen egunak, baina negua luzea da, eta etorriko dira zelaian berdeguneak baino lupetza gehiago egongo diren momentuak ere.
Partidua gureek irabazi zuten, baina nik ez nion emaitzari garrantzia handiegirik eman. Hasierako hamaikakoan 9 busturitar zelairatu ziren eta aulkian beste lauzpabost zeuden jarrita, ordezko legez. Herriko jendea herriko taldean jolasten, giro bikain eta pertenentzia sentipenarekin, 1.700 biztanleko herri batean. Hori bai garaipena, lagunok.
Behin sua egon zen lekuan errautsak geratzen dira luzaroan. Errautsetatik sortu den txispa berri hori laster bilakatuko da sute berriz, gauzak ondo egiten baitabiltza. Partiduetako beroketan bozgorailutik entzuten den kantu batek dion moduan, «ametsak egia bihurtuz, herri baten arnasa gara». Eta hala dela esango nuke, Busturik bere taldea baitu berriz ere, eta herriak ilusioa.