Erreferenteak
Erreferente hitza pertsonekin lotu ohi dugu gehienok gehienetan. Hala ere, batzuetan espazioak eta bertan bizi edo arnastu daitekeen giroak eman diezaioke erreferentzialtasun horri goranzko bultzada. Beste batzuetan, ordea, pertsonen eta espazioaren uztartzearen emaitza da. Zoritxarrez, aurtengo uda gure inguruko bi espazio maitatu eta segururen itxieraren bitartekoa izan da.
Batetik, ekainaren 17a izan zen Ospa tabernaren azken eguna. Jende askorentzat elkargune bat izan da. Beste batzuentzako, behin elkargune gisa hasi zena gerora gotorleku bilakatu zen. Ideia eta ezaugarri desberdinetako jende askok hartu izan du babes bertan. Pentsatzen hasita, ez dira asko izango hori lortu duten espazioak. Kontua da, behin 15 urteko ibilbidea eginda, merezitako itxiera jaia egin genuela gertuko eta ingurukook. OSPAkizuna. Bidearen amaierak Never Surrenderren Bide bat amaiera barik izan zuen goiburu. Kontraesankorra zirudien arren, egoki askoa iruditu zitzaidan eslogana. Pertsiana jeitsi arren, bertan bizitakoa oroimenean daramagun artean bidea ez delako amaituko.
Bestetik, iraila bukatzearekin batera zarratu ditu bere ateak Samaitz goxoki dendak, 32 urte eta hamaika belaunaldi hazten ikusi ondoren. Ume askok eta jada ume ez garenok ere izan dugu bertatik pasatzeko errutina, asteburua-Pasilekua-Samaitz trinomio indartsua bilakatu baita urteen joanean. Egongo da kalkulu matematikoak egiten bertan ikasi edo hobetu duenik ere, lehenik pezetak eta ostean zentimoak gora eta behera. Adiskide adinkide bat izan da sendiko azken langilea, baina aurretik amak, izebak eta amamak majo urratu zuten bidea. Hainbeste urtetan hainbeste jenderen muturrak goxotu eta gero, uztea eta iztea erabaki dute, behingoz beraienak goxotu eta gozatzeko.
Erreferenteak behar ditu herriak. Euskaldunak eta ahal dela herriarekin konprometituak. Badakit agian asko eskatzea dela, gure eskualdeko euskararen erabilera datuak ez baitira suziriak botatzeko modukoak eta edozein herrigintza ekintzarako boluntariotza geroz eta urriagoa baita. Hauek izango dira seguruenik, garai berriek beraiekin batera dakartzaten arazoetako batzuk. Aipatutakoek, baina, aise bete dituzte nire ustetan herriko negozio txiki ideal batek bete beharreko ezaugarri eta baldintzak. Bakoitzak bere adin tarte eta esparruan, baina beti duintasunez eta errespetuz.
Erreferenteak behar ditu herriak. Erreferente berriak behar ditu herriak. Sortu egin behar dira. Sortu egin beharko dira. Berandu baino lehen, umerzurtz geratu orduko. Bultzatu egin behar dira. Babestu eta zaindu. Beraiek gu zaindu gaituzten moduan. Bestela, akabo.