Errespeturik gabeko dinamika
Azken asteburuetan herriko hainbat gune naturaletan zabor pila bat agertu da.
Itsasoan eta arroketan plastikozko edalontziak, botilak, poltsak eta bestelako hondakinak agertu dira eta inguruko mendi eta hondartzetan ere bai.
Hondakin guzti hauen agerpena hainbat pertsonek asteburuetan izan duten axolagabekeriaren islada da.
Manifestu hau idazten dugun kirol elkarteok gure ekimenak gune naturaletan burutzen ditugu eta azken asteetako errespeturik gabeko dinamika errepikakorren aurrean gure gaitzespena adierazi nahi dugu.
Pandemiaren ondorioz azken urte honetan jasan dugun egoera latzak, askatasuna arnastera eraman gaitu gogo biziz eta baita harreman sozialak modu alaian berreskuratzera ere.
Baina kalean aske eta libre ibiltzeak ez dauka zabor eta hondakinekin hertsiki eskutik helduta joan beharrik.
Argi dugu gertakari hauen ardura gutako bakoitzean dagoela, eta ez dugu ulertzen 2021. urtean herriko pertsona askok bere ingurunearekiko duen jarrera. Ez al dugu itsasoan eta mendietan nahikoa ezbehar ikusi?
Gizalege eta errespeturik gabeko gertakari hauek irmoki salatu nahi ditugu eta ez errepikatzea eskatzen dugu.
–Iker Aretxabaleta, Jokin Leniz, Lander Ozkorta, Bingen Zumajo eta Ander Aldazabal. Ondoko elkarteen izenean: Artzabal Surf Elkartea, Isuntza Arraun Elkartea, Garraitz Trialoi Elkartea, Amandarri Triatloi Elkartea, Hegoaize Bela Elkartea, Dzanga Piragua Kirol Elkartea eta Lekeitioko Urpeko Taldea.