Erruduntasuna. Erreaktantzia. Erredentzinoa
Udako gaba epelen lilurean bilduta egotea gehiago gustetan jako, izara artean aterpetzea baino. Egunaren zaratea gainditu dauala iruditzen jakoi, oihu eta keja oro mututu diranean. Haizerik ez dabilen airean barrena beroak lagaten dauan usain sarkor horrek birikak bete eta azala laztandu deutsonean, iruditzen jako gainditu dauala nahigabe handi hori. Inori esan ez deutson hori.
Ikasia dau tristurea etxean gorde behar dala, norberaren barruan eho behar diran kafe-garaunen antzera. Jenteak, egia esan, ez dau jasaten jente tristea. Nahigabeari bildur antzeko gaixotasun kutsakor bategaz erantzuten deutse, modu inplizitu eta lizunean bada be, euren jakinduriaren barrenean badakielako ustezko habe sendoakaz altxau dogun bizitza izeneko eraikin hau ahula eta apurkorra dala oso; badakielako gure ongizatea harriaren higadureak ezarian-ezarian harea bihurtzen dituan kostaldeko eleiza malkartsu horreek lakoa dala. Baina, dana dala, jakitetik gura izatera dagoan tartean, bada biziteko aukera bat eta, hain zuzen be, aukera iheskor horren pentsuan elikatzen da, jenteak bere lasaitasun-beharra merke saldu deuskuen bizimolde honen negutegietan ostontzen dauan neurri berberean.
Udako gaba epeletan maitemintzen zan beti, eta eguna, sarritan, gaba horreen egia ezeztatzera letorkeen guzur-multzoa besterik ez jakon iruditzen; zenbat mozorro dotore eta alai ikusi dituan jausten, gaba ailegautakoan, bakardadearentzako daukan bere espazio infinitu horretan. «Egunez bizi gara», badaki, baina gabaz erneten jakoz bere sentimenik onenak eta muturrekoenak. Gaba eguna beharrean txikitu arte igaroteko behar dan atsedengune bihurtu ebenek ez dabe eraile edo kriminal ez dan beste izenik merezi. Halantxe begitantzen jako, askotan. Tristureari egunez agertzeko eskubidea kendu eutsien, gaur ezagun(egi)ak doguzan jomugetara iritsiaz: hedabide danak jente alaiz bete dira; jente alai gehiegi agertzen da edonora jota be; alaitasun faltsu honen zelanbateko plusbalia arraro bat dago telebistako pantailan.
Udako gaba epeletan baino heltzen ez jakon tristura-mendi hori ondo ezagutzen dau, baina ezin izaten dau ganetik kendu, ezta egunero hartzen dauan oporto kopea bikoiztuta edo hirukoiztuta be. Hurregi igarten ditu, oraindino, traizinorik zaharrenak be, berbetan dauka maitatu barik bazterrera laga eban haren begirada goibela, erantzun barik itxi zituan mezuak eta hareen esperoan egon zanaren desesperantzea, ondo merezidutako maitasun-berba baten zain egon zanaren zorabio urratua, Zarautzeko etxeko laugarren solairutik beheko ilunpera luzeegi begiratzearen bulkada hori.
Egindako mina jasotako mina da. Emon ez genduana galdu genituan gauzen artean dago pilatuta. Ulertzen jakin ez genduana gehiago da itsusikeria, itsutasuna baino. Errespetau ez genduan hari deika dago orain burua. Egin bakoen erruduntasunaren, egindakoen erreaktantziaren eta egin beharraren erredentzinoaren artean galduta.
Bere leihoan parauta, hori dana pentsau dau hori dana pentsetako gai zala jakin be ez ekian gizaseme batek, udako gaba epelen pentsuan, azaroko goizalde hotz batez.