Errugabeek errua onartzen dutenekoa
Duela egun batzuk oso dokumental interesgarria ikusi nuen La2 delakoan. Bai, Espainiako telebistan, denon artean mantentzen dugun beste hori. Michael Moore zen egilea eta bere estilo berezia izenburutik bertatik somatzen zen: ¿Qué invadimos ahora?
Estatu batuar baten ahotik «zer inbadituko dugu orain?» entzuteak halako zirrara bat sorrarazten du bizkar hezurretik gora-behera zenbat herrialde inbaditu dituzten oroituta; zuzenean edo zeharka, baina inbaditu.
Baina Moore ezkertiarra da, estatu batuar ezkertiarra eta izenburu horren azpian bere herria hobetzeko nahia ezkutatzen zuen. Hau da, zer ekarpen hartu beste herrialde batzuetatik bere herria, Ameriketako Estatu Batuak hobe eta justuago bat sortzeko. Badu lanik, halajaina!
Besteok ere ez gara lan faltan gure herriak hobetzeko eta dokumental horren mamira sartu beharrean, dokumentaletik antzerkira pasatu nahi izan dut, tragikomediara, aste honetan Madrileko auzitegi nazional delakoan ospatutakoa. Hasiera batean hiru akto luzeko antzezpena izan behar zuena, ia hasi aurretik amaitutako esketx krudel batean bilakatu zen.
Esketx krudela eta hala eta guztiz pozik nago. Pozik zu Ibon, eta zu Haizea, eta zu Kepa eta beste 44 kideok etxean zaudetelako.
Ezartzen diguten legediaren arabera, auzipetuek gezurra esateko eskubidea dute, baldin eta beraien interesen alde badihoa. Lekukoek egia esatea derrigorrezkoa dute, legez.
Interesgarria izango zen aste honetako epaiketa aurrera joan izan balitz. Lekukoek egia esanez, hau da, akusatuak ez direla erakunde terrorista baten parte inoiz izan, presoen aldeko lana besterik ez zutela egiten. Eta akusatuek baietz eta baietz, terrorista batzuk direla esanez.
Legeak dihoen bezala, gezurretan beraien mesederako. Egia aitortuz gero, hau da, errugabetasuna, espetxera urte luzez joateko arriskuan. Eta gezurra esanez, terrorista izatea antzeztu, espetxera eramanak izatetik libre edo hile batzuetako zigorraz.
Mundua aldrebes, errugabeak errua onartu zigorretik libratu ahal izateko.