Eskerrik asko Markina-Xemein!
Hiru egunez Markina-Xemeinen desagertuta egon den Jose Pagaegi Meabebasterretxearen senideen idatzia duzu hau:
Kukua entzutera joan zen eta kukua entzunda bueltatu da. Eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko. Eskerrik asko erreskateko profesionalei, eskerrik asko Iñakiri bere profesionaltasunagatik eta familiarekin izan duen errespetuagatik, eskerrik asko Udalari izan duen prestutasun eta laguntzagatik. Eskerrik asko Mikeli, Ainhoari, Iñigori, Anari, Aneri, Alexanderri… Eta batez ere ESKERRIK ASKO HERRIARI.
Eskerrik asko biharra amaitu eta Barroetara hurbildu zareten guztioi. Jubilatuta egon eta tarte bat hartu duzuenoi, langabezian zaudetenoi, paseatzaileoi, gazteoi, oinez, txakurrekin, bizikletaz Barroetara hurbildu zareten guztioi. Eskerrik asko, mezutxuren bat, pistaren bat bidali diguzuon guztioi. Elkartasuna, herria bat egin da. Erreskatekoek ere aipatu digute, herriaren inplikazioa izugarria izan dela.
Zinez diogu nahiz eta egun batzuetan lagunei eta familiari notiziarik ezin eman, harro esaten geniela “Uau! Itzela da herrixe zelan dauen erantzuten, zelan bolkau dan”. Eta bai, horrelako herri baten parte izateaz harro, alkar laguntzeko prest dagoen herria. Eta pozik kukua entzunda bueltatu delako. Pozik, jendea pozik ikustean, erreskatekoak pozik, boluntarioak pozik ikustean, pozik miraria dela idatzi digutenak, pozik herrian zabaldu den poztasunaren parte izatean. Eskerrik asko, datorren udaberrian ere joko du kukuak.
– Aitziber Pagaegi, Pagaegi-Meabebasterretxea familiaren izenean.