Eskuetan
Konfinatuta bizi ginen aspaldiko egun haietan jasotako lagun kuttun baten mezuak gogorazi zidan ahaztuta nuen hori: Gure eskuek duten garrantzia. Elena Bernabé psikologo eta idazlearen hitz xume eta ederrak ziren. Non umeak barne minari nola aurre egiten zaion galdetzen zion amonari. Eta agure jakintsua, gakoa eskuetan zuela azaltzen ahalegintzen zen. Haiek baitira gure arimaren seinale hartzaileak. Antenak, alegia. Sakon iritsi ziren nigan irakurritako hitzok. Irribarre goibel bat irudikatu zen nire aurpegian. Denbora luzeegia. Bizi bat neraman eskuei erreparatu gabe.
Beti miretsi izan ditut jakituria eskuen bitartez azaltzen duten ofizioak. Mediku edo musikariez ari naizela pentsa zenezakete. Hala da. Halere, badira eskuen bitartez lan onak egiten dituzten beste asko. Nekazariak, artisauak, igeltseroak edo mantenu lanetan diharduten langileak. Burutik eskura eta eskuetatik burura. Behin da berriz, informazio fluxu etengabe horretaz baliatuz zerbait sortu, konpondu edo atontzen. Arreta, pentsamendu nahasietan galdu ezean, eskuetan ezartzen. Horrela beraz, konfinatuta ginela eta, nire eskuekin zer egin ahal nuen pentsatseari ekin nion.
Lau hile hauetan asko ez, baina nahikoa egin dudala esan dezaket. Abandonatuta nuen aitonaren baserria martxan jarri dut. Belarra ebaki, ortua landu, gaztainondoak kimatu, arbolapeko porlanezko mahai borobila garbitu. Nolabait, umeentzako ekoparkea sortu dut. Gainera, konfinamenduko hasierako une gogor haietan, beti izan dudan sormena praktikan jarri eta haientzako hamaika bat mozorro sortu, margotu eta josi ditut. Piratek, erromatarrek, pailazoek, trogloditek edo Gernikatik 1937ko apirilaren 26a geroztik alde egin beharra izan zuten aiton-amona haiek antzezten eman dugularik denbora. Hiru urtetik hona bidai lagun dudan trikitixari ere astindu ona eman diodala eta, arro nago nire buruarekin. Baina batez ere, egindako guzti hauek aurrera eramateko kontsultatu behar izan ditudan maisuen presentzia da gehien bete nauena. Eskuen bitartez hitz egiten bizia eman duten horien jakituria, orain, nigan ere badagoelako.
Milesker, bihotzez, Ana, Miguel, Iñaki, Luis, Txus, Fausto, Koldo, Mitxel, Vicente, Obito eta Ibon. Besarkada estu bana.