Esnatzean
Udako solstiziora hurbiltzen ari gara; eguzki omnipresentea are gehiago nagusitzen den garaira. Egunak luzeak eta argitsuak dira. Behinola suaren, laminen eta sorginen urtaroa zena, gaur egun, askorentzat, oporrak hartzeko garaia da; ikasturtea zarratzekoa (politikoa ere bai). Irailera arte, bada, lozorroan utziko ditugu bizitzaren taupada azeleratuak, halako eta bestelako kezkak, esnatzean aurkituko dugunaz arduratu barik.
Loarekin lotuta Augusto Monterroso hondurastar idazleak mikroerrelato hauxe idatzi zuen XX. mendearen erdialdean: «Esnatu zenean dinosauroak han jarraitzen zuen». Zazpi hitzekin ondutako ipuin laburra bezain iradokitzailea da. Idazlearen esanetan, «gehiago lortzen da iradokitzen denagatik, esaten denagatik baino, eta ezkutatzen denagatik, erakusten denagatik baino».
Mikroerrelatoak interpretazio ugari eragin ditu. Horietako bat da lo dagoen gizadiak, esnatzen denean, tamalez, betikoarekin topo egiten duela, eta ezer aldatu ez den mundu bati erreparatzen diola.
Monterrosok bat egiten du mende batzuk lehenago Ockham teologo eta filosofo ingelesaren teoriarekin, hau da, handiusteko azalpen nahasiak «aiztoarekin» kimatu behar direla, baldintza berdinetan azalpen laburrena egokiena izaten delako.
Partsimoniaren-printzipio (neurritasuna, pataxada) bezala ezagutu da. Kapitalismoak sortu duen bizimodu azeleratuarekin eta informazioaren zaratarekin talka egiten duen jarduteko modua, zalantza barik. Zarata horren atzetik, zoritxarrez, gerrak etengabeko zikloan datorzkigu. Zilegi litzateke, beraz, Monterrosso parafraseatuz zera idaztea: esnatu zenean, gerrak han jarraitzen zuen. Politika arloan ere hauteskunde zikloak etengabe errepikatzen dira, errelatoa gudu-zelai bilakatuz. Argumentu gutxi eta testosterona gehiegiz blaitutako eremua lokazteko joera nagusitzen ari da nonahi. Hitz zabarrekin jendartea nahastuz eta manipulatuz, betiko portura heltzeko: agintera, nola edo hala. Nola laburbildu, adibidez, azken hauteskundeak? Bada, Monterroso berriro parafraseatuz: esnatu zenean, ETAk han jarraitzen zuen.
Moteldu dezagun, bada, bizi-erritmo estresagarri hau balazta zapalduz eta laburtasunari ere tartea utziz udako egun luzetan. Beno, lar luzatu barik opor onak opa dizkizuet eta, badakizue, oporralditik esnatu zenean, Gorroñok han jarraitzen zuen.