Esperientzia berriak
Berria den guztiak erakartzen gaitu; jaioberritan hasi eta haurtzaro, gaztaro, helduaro eta zahartzaroan, hau da, bizi guztian, berria dena gogoko dugu. Baina, adinaren arabera, batzuentzat berria dena besteentzat aspaldidanik ezaguna da.
Haur batentzat bizitza bera da berria. Ez dauka esperientziarik. Gazteek ere, helduekin konparatuz, esperientzia gu-txi dute. Eta, horrela, adinak ematen duen ezagutzaz, bizitzaren ikuspegia desberdina izaten da.
Bizitzaren oinarrizko balore asko ez ditu unibertsitateak irakasten, bizitzak berak baizik. Ezaguna da esaera: «Esperientzia da zientziaren ama». Baita beste hau ere: «Deabrua jakintsuagoa da, bere izaerari baino zahartzaroari esker». Esperientziaren garrantzia ez da eztabaidatzen. Zientziaren aurrerapausuetan esperientzia izaten da amaierako azterketa. Bizitzan, besteen esperientziei norberarenak gehitzen dizkiegu. Biak dira beharrezkoak. Hemen sortzen da belaunaldien arteko arazoa: Helduen eta gazteen artekoa. Batzuk ibilbide laburra duten bitartean, besteek luzea egina dute.
Gaur egun, belaunaldien arteko harremanak ahulak eta, kasu askotan, zulo eta amildegi batek urruntzen eta bakantzen ditu. Egoera honek kalte egiten die denei, gazteei batez ere. Batzuen eta besteen arteko esperientzien bitartez alkar aberastu beharrean pobretu egiten dira.
Arlo askotan, zer ikasi beharrean gaude. Gazteak atsekabetuta sentitzen dira eta sarritan agertzen dute beren egonezina, adinekoek ulertzen ez dieten bitartean.
Rosalia de Castro idazle galiziarrak badu pasarte bat, non bere seme-alaba atsekabatuei esaten dien: «Nora eraman, maiteok, larrosa eta arantza berdinak ez dauden lurraldera».
Ametsetan egitea gizakiak berezkoa du, eta onuragarria izateaz aparte, beharrezkoa ere izan daiteke, baina beti oinak lurrean jarrita.
Frantzian, XIX. mendean, ospetsua izan zen markes Custine idazlea. Ezaguna egin zen bere ibilaldiei buruz idatzitakoei esker, bereziki, Errusiara egindakoaz La Russie de 1839 izenburudunagatik. Bertan azaltzen du Errusiaren atzerapena Mendebaldeko Europakin alderatuz. europar gehienentzat Errusia ezezaguna zen garai haietan, eta Custinek Frantziako bizitzarekin ados ez zeudenak Errusiara joatera gonbidatzen ditu.
Gure garaira etorriz, askok bisitatu ditugu Errusia eta beste lurralde batzuk, eta ezagutu ondoren etxeko bizitza gehiago baloratzen dugu.
Uste dut bidaiatzeak, beste helburuez aparte, honetarako ere balio duela: Geurea estimu handiagoan edukitzea, nahiz eta sarritan, alderantzizko irudia azaltzen den eremu publikoetan.