Esteban Irusta Mallea: 'Drogak gaur'
Drogen arazoa pilpilean egon zen sasoi baten. Herri batzuetan gazte askok galdu zuten bizitza bere eraginez. Ondoren, drogen kontrako erreakzio bat egon zen. Baina une bateko gertaerak, urteen buruan, ahaztu egiten dira, onerako edo txarrerako, eta gaurko gazteek ez dute informaziorik urte haietan zer gertatu zen jakiteko. Eta badirudi drogen ondorioak onartzeko prest gaudela, batez ere, bakoitzaren familian edo hurbilean ez baditu ezagutzen bere ondorioak sufritzen dituzten pertsonak. Baina ez dute berdin pentsatzen, batez ere, drogaren menpean erori direnak.
Tarteka, gai honi buruz informazioa ematen dute hainbat komunikabidek, baina badirudi informazio hori ez dela heltzen behar besteko pertsonengana. Edo informazio horren kontrakoa askoz indartsuagoa dela. Hau da, drogak ez direla hain arriskutsuak dioen teoriaren aldekoak indar handiago dute, batez ere, gazteengan. Baina arlo honetan sendagileen hitza da kontuan hartu behar duguna. Eta horiek oso arduratuta agertzen dira gai honetaz hitz egiten dutenean.
Euretako batek orain gutxi,egindako adierazpenak gogoratuko ditut. Bere esanetan, hedatuta dago drogen kontsumoa. Mundu osoan goraka doa drogen ondoriozko nahasmen mentala duten pertsonen kopurua. Gainera, gero eta gazteagoak dira hori tratatu beharrean daudenak.
Arazoaren larritasunaz jabetuta, drogen kontsumoaz eta egoera aldatu beharraz, ikasleei eta gurasoei zuzendutako berbaldiak eskaintzen ditu, beste kide batzuekin batera. Gurasoen inplikazioa behar-beharrezkoa dela esaten dute. Bestela ezer gutxi lortu daitekeela. Eta, zoritxarrez, sarritan, gurasoek ez dutela parte hartu nahi. Ez dutela nahi drogen kontsumoaren errealitatea ezagutu. Begiak itxita segi nahi dutela.
Salaketa larria da, baina adibide bezala, txokoen kasua aipatzen du. Gazte askok horietan igarotzen dute eguna gurasoen baimena eta laguntzarekin. Baina badakite euren seme-alabak zer egiten duten bertan, hainbeste ordutan? Galdetzen zaienean ezezkoa da nagusi. Egoera horren aurrean, erabakiak arduraz hartzen hasteko ordua da. Drogen gaineko ikuspegia aldatu beharra dago.
Legala edo ilegala izan, ez dago ondorio bako drogarik. Legezkoen artean, alkohola da kontsumo handiena duena, alde nabarmenarekin. Eta legez kanpokoen artean, kalamua omen da nagusi. Horren ostean, kokaina eta speed-a. Beste aldetik, heroina ere aipatzen dute. Denak kontuan hartu behar direnak, bere eragina izango dutelako hartzen dutenengan. Konkretuki, sendagile batek, kalamuari buruz esaten du, adin goiztiarrean konsumitzen hasiz gero, 26 urte bete aurretik, aukera laukoitza duela buruko gaixotasuna izateko.Eta mundu horretan sartuta dagoenak irtenbiderik baduen galdetuta, baietz esaten dute, baina, zaila dela egoera horri aurre egitea. Ingresaturik egon den jende asko itzuli egiten da berriro tratamenduaz jarraitzeko, beste arrazoi batzuen artean, gizarteratzeko arazoak ere badituztelako.
Zenbaitzuk ez dute ezer kanpoan, eta drogen kontsumora bueltatzea besterik ez zaie geratzen. Errealitate horren aurrean, drogekin arinkeriz jolasten ibiltzeak iraultzeko beharra daukala onartzea faltan botatzen da.