Esteban Irusta Mallea: 'Ingurumena'
Gaur egun, gure ahotan gehientsuen erabiltzen den hitza «Ingurumena» izango da. Egunkarietan eta beste edozein komunikabideetan klima aldaketari buruz hitz egiten da, behin eta berriz. Hilabete baten, jarraian, euririk ez badu egiten, berehala aurkituko zara klima aldaketa izendatzen aipatzen duen batekin. Neguan egun eguzkitsuak, edo tenperatua epela egiten badu, berdin. Eta zer esanik ez, hiru negu segidan ur tantarik gabe egiten baditu, 1980ko hamarkadan ezagutu genuen bezela. Denok beldurtu ginen, ikaratu arte, urtegiak hustuta ikusiz. Alarma guztiak piztu ziren, eta batek baino gehiagok iragarri zuen ez genituela urtegiak berriz beteta ikusiko. Hurrengo neguak aurreikuspen guztiak hautsi, apurtu zituen. Urtegiak gainezka jarri ziren, eta mamu guztiak desagertu ziren, denbora baterako.
Baina luzaro gabe, berriro agertzen dira. Izadiak bere zikloak ditu, batzuk laburrak eta beste batzuk luzeak. Gizakiaren bizitza motza da, eta izadiak dituen ziklo luzeak ezin ditu esperimentatu. Dena den, gure bizitza laburrean ere, konturatzen gara fenomeno meteorologikoak, eguraldiaren gorabehera batzuk errepikatzen direla. Urte hauetan asko hitzegiten ari gara kostaldeko kaltetaz eta olatuen altueraz. Garai bateko olatuak baino indartsuagoak dira gaurkoak? Kostaldeko jendeak esperientzia gehiago du, eta asko izango dute kontatzeko. Baina nik gogoan dut nire gazte denboran Donostiako Itsas Pasealeku Barria (Paseo Nuevo), ia urtero, ondatuta gelditzen zela olatuen indarrez. Baina, zer dira gure urteak lurraren milioiekin parekatuz? Esanguratsuak dira kristauen artean, oraintsu arte egiten ziren errogatibak, besteak beste, euria egin zezan. Ohitura horiek noizkoak dira? Erdi Aro hasieratik ezagututzen dira Eliza Katolikoaren dokumentuetan, eta ustez lehenagotik zetorren ohitura zen. Ekintza hauek garbi erakusten digute eguraldiaren gorabeherak beti edo gutxienez mila urte eta gehiagotik ezagutzen direla, gizakien ardura sortuz. Naturaren fenomeno atmosferikoak ez daude gure eskuetan.Gizakiak ezin ditu menperatu, baina ia denek onartzen dute gure jarrerak baduela zerikusia. Neurri handi baten, gu garela erantzule. Orain gutxi arte lurra mugagabea zela uste genuen. Bere baliabide naturalak neurrigabeak zirela. Naturan konfiantza osoa genuen. Egiten genuen guztia onartua izango zela, bere ahalmena neurrigabea izango balitz bezela. Eta oraindik praktikan, horrela izango balitz bezela aritzen gara. Itsasoak, ibaiak, arnasa hartzeko airea, lurzorua, dena, etengabe kutsatzen ari gara. Hiri handi batzuetan neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte aire kontaminatuaren ondorioak saihesteko. Irudi deigarrienak, nabarmenak, Txinako hiri batzuetatik hartu ditugu. Baina hemen arnasten dugun airea ere gero eta kutsatuagoa da.
Azkenengo urteetan agintariek hondakinez zer egin ez dakitela, buruhauste asko dauzkate. Batzuk hondakinak errausteko instalazioak, erraustegiak egitearen aldekoak dira,eta beste batzuk alderantziz, kontran daude, osasunarentzat kaltegarriak direla adieraziz. Kasu askotan politikarien arteko lehiak protagonismo gehiegi hartzen du arazoak berak baino. Beraien arteko eztabaidak baino garrantzitsuagoa da hondakinak ondo bereiztea. Eta oraindik jende asko dago hondakinen arazoari neurririk hartu ez diona, eta etxeko lanak egiten ez dituena. Gipuzkoan gai hau pil-pilean egon da, eta aukeraketa era batekoa edo bestekoa izan, modu batera edo bestera egin, helburu garrantzitsuena lortu duela uste dut: Jendea kontziente, jakitun izatea hondakinekin daukagun arazoetaz. Ezin dugula arduragabeak izan orain arte bezela. Gure portaera guztiz aldatu beharra daukagula, etxetik hasita, garbigarriak eta beste hondakin guztiak, ahal den gutxien sortu, eta ondoren sortutakoa ondo banatuz.
Beste arazoak eta ez txikiak, ingurumenaz lotuta, suteak eta baso-ustiapenak dira. Sute gehienak, konunikabieen esanetan, nahita sortutakoak omen dira. Benetan penagarria. Basoetan eta oihanetan neurrigabeko ustiapenak egiten dira enpresen aldetik. Batzuen eta besteen aldetik, lurra basamortutzen ari gara. Ekintza asko ez daude gure eskuetan, enpresa handien esku baizik. Baina kasu horietan ere, salatu eta exijitzera behartuta gaude.
Baina besteei eskatzen edo exijitzen diegun bitartean, guk, geure aldetik, ahalegin guztia egin behar dugu geure eskuetan dauden bide guztiak erabiliz ingurumena hobetzeko. Garrantzi txikia izango dute, beharbada, baina gure kale bazterrak, asteburutan batez ere, badute zer hobetu. Honekin batera, ingurumenakin lotu beharra dago musikaren ozentasuna. Neurrigabeko zarata ezin da izan oso osasuntsua; baina dirudienez saihestezinak dira dauzkagun zikinkeriak eta zaratak. Hala ote? Europako beste lurraldeetan lortu badute, guk hemen zergatik ez?