Esteban Irusta Mallea: Lea-Artibaiko kontu zaharrak
Urte batzuk gainean dauzkagunok, garai oso desberdinak ezagutzeko aukera izaten ari gara. Nik, Munitibarren, ikatzaz sortutako gasogenoz ibiltzen ziren kamioiak eta gurpil mazizoak zituztenak ezagutu nituen. Hala ere, une berean, herrian bi taxistak (Leon Etxebarria eta Patxi Etxaniz) kotxe normalak (gasolinazkoak) zeuzkaten, Klemente eta Paulo Intxausti (Errota) anaiek bezala. Alde batetik bestera joateko, oinezkoa zan gehien erabiltzen zen bidea. Guk, adibidez, sei urtekin, lau bat kilometro egiten genituen Totorikatik egunero eskolara joan-etorriak egiten. Beste batzuk bide luzeagoa egin behar izaten zuten.
Beste bide bat, asto gaina zen. Eta gu txikinok, asto gainean bai, baina saskian edo otzaran joaten ginen hara eta hona. San Kristobal edo Ziortzako jaietara, esaterako. Andrak Markina eta Gernikako azokara astoz joaten ziren beraien produktuak saltzera. Beste batzuk, bizikletaz, Durangoko lantokira. Tartean Juan Mallea, Montorzuritik eta nire anaia Valentin, Totorikatik. Horrela, nik etxean zegoenaz ikasi nuen bizikletaz ibiltzen. Azpimarratzekoa da Montorzuriko Antonio Egurenen kasua: oinez joaten zen Durangoko lantokira.
Lurretik airera pasatuz, Espainiako 36ko Gerrako bonbardaketa aipatuz, gogoan ditut Munitibarko bonba zuloak eta eliza barrura sartu zenak utzitako arrastoak. Hildako batzuk izan ziren, eta etxekoei entzunda, denak joan ginen basora ezkutatzera bonbardaketa unean. Bildur gehiago pasatuko zuten Euskal Herriko abadeek (tartean Lea-Artibaikoek), gehienak euren herrietatik kanporatuak izan ziren eta. Asko atzerrira bidaliz, besteak kartzelatuak, eta beste batzuk fusilatuak izan zirelarik. Tartean Munitibarko bost abade: J.M. Zuzaeta, Markos Aboitiz, Buenabentura Larruzea, Paskasio Etxezarraga eta Eugenio Aranaz. Gero etorriko zen Roman Jauregi, gerra denboran kartzelan egondakoa. Ni Lesakan bizi nintzenean Onaindia anaia markinarrak (Alberto eta Txomin) Donibane Lohizunen ezagutu nituen. Zelestino, beste anaia (hau ere abadea) fusilatua izan zen. Euskal Herriko abade gehienen aurkako erasoa nolakoa izan zen jakin nahi dutenentzat Anxo Ferreiro Currasek Consejos de guerra contra el clero vasco liburua irakurtzeak merezi du, 36ko Gerrari buruz desinformazio handia dago eta. Adibide bat jarriz, zenbatek dakite bonbardeatutako Bizkaiko herrien izenak, Gernikaz aparte?
Historian atzerago eginez, konkretuki, XIX.mendearen azken aldera, bi gertakari berezi azpimarratu nahi ditut. Alde batetik, Munitibarrek eta Gerrikaitzek bi herri izatetik bat izatera pasatu izana; eta bestetik, Munitibarrek Oñatikin izango zuen erlazio luze eta bitxi baten hasiera. Bi munitibar gazte joan ziren Oñatira 1884an, Laterandar Kanonigo italiarrek sortu berria zuten konbentura. Gazte hauek, Pablo Onaindia totorikarra Mallene baserrikoa, eta Andres Garrogerrikaetxebarria, gerrikarra, Gerrikaetxebarria baserrikoa ziren. Pablo Onaindia baserrizalea zen, eta, dirudienez, nolabaiteko harremana zeukan Lekeitioko Adan de Yarza familiarekin. Dakigunez, familia aberats honek ekarri zuen Kaliforniatik insignis pinua, lehenbiziko probak, Zubieta bere jauregiko parkean eginez. Eta Oñatira Pablo Onaindiaren bitartez iritsi zen Pullangoa baserrira. Oñatiko baserri honen planoekin egin zuten Munitibarko Urtzile baserria. Azken informazio hauek gure aurrekoengandik jasotakoak dira. Bi herri hauen loturak jarraitu zuen Pabloren iloba Luis Mallearekin. Musika arloan, besteak beste, harreman estua izan zuen Aita Madina musikari oñatiar ospetsuarekin. Biek, Buenos Airesen etxe berean bizi zirenean, lan garrantzitsua egin zuten. Malleak berak sortutako Lagun Onak abesbatzaren zuzendari eta organojole bezela; Madinak organojole eta konposatzaile bezela. Biek ospe handia izan zuten musika arloan. Lagun Onak abesbatzak Madinaren musika obra asko estreinatu zituen; tartean, hain zoragarria den Aita Gurea. Ondoren, munitibar askok jarraitu genuen bide bera, eta Oñatikin lotu gintuen soka ez da eten gaur daino. Gogoan dut herri bien artean dauden 49 km. egiteko 8-9 ordu behar izaten genituela, tren aldaketak eta autobusen orduak zirela eta.
Organojolea naizenez, gogoratu nahi dut Lekeitioko eliza nagusian dagoen organoa, Aristide Cavaillé-Coll organoegile frantses ospetsuak Espainian egin zuen lehenengoa delako. Ziortzako organoak ere, aipamen bat merezi du, Euskal Herriko zaharrena delako, Jose Etxeberriafrantzizkotar eibartarrak 1686an egina. Tubo bertikalak oraindik zaharragoak dira: 1542an Diego Irusta Abata famatuaren aginduz egindako organoarenak.Tubo horizontalak, berriz, Jose Etxeberriaren asmakuntza direnez, eta berak egindako beste guztiak desagertu direla kontuan izanik, munduko zaharrenak dira. Desagertuak izatearen arrazoia, toki guztietan, berdina da: Organo handiago eta modernoagoak jartzeko. Gaur egun, zorionez, ez gaude organo faltan, organojole faltan baizik. Hainbestek musika jakin arren, ez dute ezagutzen, musika tresnen artean beteena, Erregea deitzen dioten organoa. Ezagutuko balute, maiteminduta, liluratuta geldituko lirateke. Pianoaren soinuak edo beste musika tresnenak sentiberatzen baldin badituzte, organoak, bere soinu desberdinekin, sentipen edo emozio gehiago sortzeko gaitasuna du. Ez dago parekorik.
Idazlan honen bukaeran, eta organoaz lotuta, Mari Anjeles Reizabal gogoratu nahi dut, Munitibarko eta Aulestiko elizkizunetan, hainbeste urtez, bere soinuaz lagundu zuelako.