Etorkinak
Ez da samurra aukeratzea gaur egun zein den hedabideetan gai nagusiena. Klima aldaketarenak presentzia handia dauka. Ez da harritzekoa: Munduko agintari nagusienak ere gero eta ardura handiagoz agertzen dira. Munduaren tenperatura goraka doa eta Ipar eta Hego poloko glaziarrak desegiten eta urtzen ari dira. Lehorteak ere, gero eta zabalagoak han eta hemen.
Errusiaren Ukrainako inbasioak ere, nola ez ba, zeresan ugari ematen ari da. Hauen eta beste askoren arrazoien ondorioz miloika pertsona migratzen ari dira egoera hobe baten bila. Gure artean, Afrika eta inguruko lurraldeetakoak Europa dute helburu. Hegoamerikarrak, erdialdekoak eta amerikar latindarrak, oro har, Ameriketako Estatu Batuetara. Euskal Herria ere migrante askoren helmuga izan da azkenengo garai hauetan. Lehenengoa, Bizkaiko meatzetara. Gero, XX. mende erdi inguruan hasi eta ondorengo urteetan Espainatik milaka etorri ziren Euskal Herriko industriak erakarrita; eta gaur egun, mundu guztitik etortzen ikusten ari garena.
Baina alderantziz ere gertatu zen: Espainako gerra zibilagatik asko joan ziren Europa eta Amerika aldera. Historian osoan beti izan dira migrazioak. Gizakiaren izaeran dago alde batetik bestera joatea, mila arrazoi desberdinagatik. Gerrak izan dira, zoritxarrez, migrazio gehien sortu dituztenak, baina ez dira gutxiago oinarrizko baliabide eskasak behartutakoak. Miloika dira klima aldaketagatik, ura eta oinarrizko elikagai gabe bizi direnak. Kontinente eta nazioen arteko ekonomien desberdintasunak ikaragarriak dira. Egoera horien aurrean, saihetsezina da toki pobreetatik leku «aberatsetara» migratzea. Sortzen dituen arazoak sakonak dira. Munduko agintari garrantzitsuenek ez diote arazo honi, oraingoz, irtenbide egokirik aurkitu. Bitartean, Euskal Herrian kanpotarren ugaritasuna eta bertakoen jaiotza-tasa urria kontuan hartuz, asko dira arduratzen hasi direnak.
Hau da HITZAn idazten dudan azkenengo artikulua. Urte batzutan ibili naiz neure iritzi apalak azaltzen. Garbi daukat, ez zirela izango denen gustukoak. Normala da. Baina egokia da bakoitzak bereak azaltzea. Egia sakabanatuta egoten da, eta iritziak eztabaidatzea beharrezkoa da. Ideia bakarrek diktadurak sortzen dituzte eta diktadore txikiak ez dira gutxi izaten gizartean.
EGUBERRI eta URTE BERRI ON denoi. ZORIONAK baita Aranzadi Zientzia Elkarteari Irulegiko SORIONEKU hitz ospetsuaren aurkikuntzagatik. Hau da beste adibide bat, historiaren egia nola aldatu leikeen zientziaren eskutik. Batek baino gehiagok gogoratu du Iruña-Veleiakin gertatutakoa, eta aditzera eman dute ikerketa berriekin aurrera egitea, aurreiritzi haiek deuseztatuak, baliogabetuak izan baitira Irulegiko aurkikuntzarekin. Hala ere, batzuei kosta egingo zaie egoera berri hau onartzea.