Etxebizitzek ez dute bozkatzen
Mari Carmenen etxegabetzeak hautsak harrotu ditu Espainiako Estatuan etxebizitzaren auziaren inguruan. Normala, ez dago giro maizterren artean. Etxeak alokatzeko gehien erabiltzen den web-orrialdea begiratuz gero, lau etxebizitza baino ez dituzu aurkituko Lea-Artibain; merkeena 850 eurokoa da, bi logelarekin: 425 euro logelako.
Alokairuan eman ditut azken hamahiru urteak. Horietatik azken bostak, 2020 eta 2025 bitartekoak, Lekeition. Komeriak ikusi nituen etxea bilatzeko: eskaintza gutxi, garestia eta kalitate baxukoa dago gure inguruan. Horri guztiari errenteroen prepotentzia gehitu behar zaio. Mesede bat egiten ari zaizkizula ematen du, eta uste dute alokatu nahi dizkizuten leihorik, berogailurik eta igogailurik gabeko lizunez betetako etxeek Zubieta jauregiak adina balio dutela. Jarritako baldintzetan alokatu nahi ez duzula esaten baduzu, gainera, haserretu egiten dira.
Nire kasuan, etxea ikusi ere egin gabe alokatu behar izan nuen. Bertan jendea bizi zenez eta beste inork etxea kendu ez ziezadan, fidantza ordaintzera behartu ninduten. Gero, bost urtetan, %27,7 igo zidaten etxeagatik ordaindu beharrekoa. Nire errenteroa ez zen putre-funts bat: herrikoa zen, ezaguna eta jabe txikia. Gure herriko jabe txikiek ere aise laguntzen diote espekulazioari. Ni bizi nintzen etxearen jabearen esanetan, alokairuko kontuekin laguntzen zion herriko aholkularitza-zerbitzuaren gomendioz egin zuen igoera, bestela dirua galtzen omen zuen: 800 euro beharrean 600 kobratzea dirua galtzea bailitzan.
Etxebizitzaren auzian etxeak pilatzen dituztenen ala bertan bizi garenon alde egin behar da, ezin dira gauza biak babestu
Alokairuan bizi garenok ez ditugu zertan errenteroen hipotekak, udako oporrak edo seme-alaben unibertsitate-ikasketak ordaindu. Ezinbestekoa da alokairuen prezioak jaistea; funtsen eta etxebizitza hutsen —Lekeition bakarrik 909 etxebizitza huts daude— desjabetzea; etxebizitza turistikoak eta aldi baterako alokairuak urte osoko alokairura bideratzea; desokupazio-taldeak desegitea; etxegabetze guztiak amaitzea; erosketa espekulatiboekin bukatzea; etxebizitza-parke publikoa handitzea; eta alokairu kontratuak mugagabeak izatea.
Aukera ona izan dute gure alderdiek joan den astean etxebizitzaren inguruan noren alde dauden erakusteko. Ordea, EAJk errentarien eskaerei muzin egin die, berriro ere, jabe txikien aitzakiarekin. Gazte eta ez hain gazteok soldataren erdia edo gehiago alokairuan uzten dugun bitartean, haiek errenteroen errentagarritasunaz baino ez dira arduratzen, eta etxebizitza turistikoen BEZa jaisteaz. Etxebizitzaren auzian etxeak pilatzen dituztenen ala bertan bizi garenon alde egin behar da, ezin dira gauza biak babestu.
Zorionez, berrogei etxebizitza izateak ez dizu berrogei aldiz bozkatzeko aukera ematen: etxebizitzek ez dute bozkatzen; maizterrok, aldiz, bai.