Euskaltasuna
Imanol Larzabalek abesten zuen behinola: «nire euskaltasuna baso bat da eta ez du zuhaitz genealogikorik». Urte luzetan adar artean trabatuta egon garenok badakigu zerbait esaldi horretaz. Supermerkatu handietan galtzera ohitu ginenetik, ordea, zailtasunak ditugu landarediaren arteko bidexkak aurkitzeko; hemen ez dago lagunduko gaituen bozgorailurik. Gogor eusten diogu nork bere zurtoinari, ezin askatu, ezin xendan aurrera egin. Nire euskaltasuna baso bat da, eta piztia izutu bat ni.
Heldu bihurtu ahala, konturatzen zara eredu izan beharrak eta baloreak transmititu nahiak dakartzaten kontraesanekin. Gaztetan gehien gorrotatzen zenuen hori zugan gorpuzten da bapatean. Aitite Kipuleta nor eta zu. Lehen gutaz kexatzen zirenak fasez aldatu dira eta, iman baten eraginkortasunez, hurbildu gara gu, eskaileraren erdigunera, lehen haiek zeuden koxkara. Gazteak gero eta urrunago ikusten ditugu. Gure begiak dira urruntasunaren definizio behinena. Horrek, galantak eta bi botatzera garamatza halabeharrez. Gazteek dena egiten dute txarto, ene zelako gazteria datorren, hau ez doa ondo…. Gure munduan egoteko tokiak inongo inplikaziorik ez baleuka bezala, gazteek ikasitakoa miragarriki zerutik eroritako dohain bat balitz lez. Guk eskuak garbitu, besteenak zikindu ostean.
Duela aste pare bat, inguruotako herri txiki bateko jaietan eraso onartezin bi gertatu ziren: sexista bata eta arrazista bestea. Lehenengoa, zoritxarrez, normalizatuta daukagun indarkeria baten enegarren adierazpena izan zen (zauria tirita batekin estali arren, hor dago beti, presente bezain zornatuta). Alabaina, bigarrenak oraindik gurean esploratu gabeko paraje baten ertz beldurgarri bat azaleratu zuen. Hamaika gazte beste baten aurka oldartuta, gorrototik elikatuz, inongo arrazoi justifikagarririk gabe, elputomoroese-tik harago, bederen. Nire gazteei zerbait aurpegiratu beharraren alarma estridentea jo eta jo hasi zen hori jakitean. Agerikoa da (gizon zis) gazteek biolentziarako daukaten joera nabarmena, zer edo zerren faltan, hori da bizitzaren antzezlekura ateratzeko bilatu duten modua. Gabeziak daude komunikatzeko eran, elkar harremantzekoan… baina ez ote dira gazteak gazte izandakoon ispilu bat baino?
Inguruan daukaguna ulertu eta interpretatzeko era librea izan da beti. Nik argi adierazi izan dut edozeren gainetik euskalduna naizela. Euskaldun izatearen baitan, baina, hainbat balore eraikitzaileren inguruan sortu dut nortasuna. Niretzat ezer gutxi balio du euskaldun izateak euskararik erabili gabe, sozializazioaren defentsarik gabe edo zaurgarriarekiko enpatiarik gabe. Inor baino hobeto dakigu hizkuntza edo herri zapalduen eskubideen alde egiteak zer dakarren, guk geuk pairatu ditugulako gatazkaren milaka ondorio. Azken 100 urteetan, gosea, sufrimendua eta torturak pairatu izan ditu gure herriak; gehien behar dutenei leku bat eskaintzen ikasteko lain. Migrante herria izan ginen behin, beharrizanak beharrizan, diaspora bat sortu munduan zehar eta horrek behartu egiten gaitu bizitza hobe baten bila hona datorrena gertuko sentitzera. Nire ulerkeraren arabera, parametro horretatik kanpora kokatzen den orok ez du euskaldun izenperik merezi. Ez dago RH negatiborik, Vaya Semanitarik,»Patxi aiba la ostia» hutsalik edo harri jasotzerik, euskalduntasuna eremu barregarri batera mugatu dezakeenik. Gure odola ezin da Harry Potterren pelikula baten eran sailkatu. Ez gara besteak baino hobeak, baina gaitasuna daukagu egoki dagoena bereizi eta praktikara eramateko.
Hala ere, Euskal herritarron egunerokotasunean txertatuta dauzkagu, adibidez, kanpokotzat ditugunekiko milaka iruzkin mingarri. Deigarria da, halaber, Schrodingerren migrantearen auzia: hona lapurtzera datoz, baina aldi berean, lana kentzen digute. Aurreiritzi gehiegiz narrasten ari gara gerorren bizitza azken aldian. Herri berri bat daukagu, kolore eta pentsamendu anitzez osatua. Orain arte euskalduntzat geneukanaren ideia aldatu egin da, bada, goazen errespetuz eta elkar ezagutuz eraikitzera. Kezkagarria da oso, Trump eta bere Make America great again kritikatzen dugun heinean, errumaniarrak getoetan banatzen direla esatea. Vox ez bazaigu gustatzen, ez dezagun hemen alderdi berdearen labeldun sukurtsal bat ireki. Egoera soziala ondo ez doan momentutik, erantzun azkarrak bilatzen saiatzen gara eta, zer hoberik, albokoa atzamarrarekin seinalatzea baino. Duela aste bi, jai hartan emandako gertaera ez da zabaltzen ari garen gorroto eta amorruaren emaitza bat besterik. Zer erakutsi, nor jo etsaitzat, nola landu egoerak… hor dago gakoa. Osterantzeko guztia pertsona bidegabeen jarrera da eta, euskaldun izatea hori bada, nik ez dut euskalduna izan nahi.
Anarik honakoa abestu ohi du: «basoa maite duzun eran, sua ere maite duzu. Denborak egin duen basoa bere pizti bere sasi». Euskaltasunaren basoan ohitura zaharrak erretzen hastea komeni da agian. Sute kontrolatuak eragin, garenaz gehiago gozatu ahal izateko. Zurtoinari eutsi beharrean, zuhaitz genealogiko berriak ezagutu, haiekin askatu, xendan aurrera egin. Nire euskaltasuna baso bat da eta basoak, jatorrien antzera, anitzak dira. Hostoberritu gaitezen.