EX AEQUO
Ez dakit hitz hau inoiz entzun duzuen: Ex aequo. Egia esan, nik orain arte ez dut sekula inoiz hitz hau entzun. Agian, zinemaren munduan ez naizelako aditua edo batxilergoan latina ez nuelako aukeratu. Baina horrek berdin dio. Nire moduan ezagutzen ez zenduen guztioi, ex aequo-ren definizioa zera da: «berdin» edo «ados» esan nahi duen latinezko esaera. Lehiaketa batean, lehiakide bik edo gehiagok sari bera lortzen dutenean erabiltzen da.
Ziurrenik askok jakingo duzue zertaz ari naizen. Ez baita zutabe hau izango lehenengoa hilabete honetan Goya sarietan gertatu denaz hitz egin eta egingo duen bakarra. Izan ere, ezin nuen gai honekiko barruko zurrunbiloa isildu. Ezinezkoa zen. Hilaren 8an, Goya sariak ospatu ziren, eta gehiengoaren sorpresaz, La Infiltrada filmak urteko film onenaren kategorian sari partekatua jaso zuen. Ikusi ez duzuenentzat, film honek Euskal Herriko gatazka armatuaren inguruan hitz egiten du, zehatz mehatz, Polizia Nazionaleko emakume gazte bat Ezker Abertzalearen inguruan, eta, ondoren, ETAren zirkuluan egiten duen infiltrazioa kontatzen du.
Halaber, hasi gaitezen pelikularen muina aztertzen. Lehenik eta behin, aktoreen papera aztertzea ezinbestekoa da. Beste hainbat telesailetan ikusi ahal izan dugun bezala, ETAn bi militante mota bakarrik existitu izan dira. Alde batetik, erakundearen txotxongiloa izango litzatekeena, eta bestetik, edozer egiteko gai den bihotz gabeko pertsona. Aspergarria eta are lotsagarriagoa da oraindik euskal gatazka armatuaren inguruan, zinema munduan, horrelako pertsonaiak soilik garatzeko gaitasuna izatea. Zer esanik ez, poliziaren papera salbatzaile gisa irudikatzeaz eta ETAko kide izateagatik horrelako estereotipazio bat sortzeaz. Argi dago, gure herriaren erridikulizatzea besterik ez duela eragiten film honek.
Bestalde, azkenaldian gai gatazkatsu batek hartu izan du lehen lerroa: mugimendu sozialetako infiltratuen kasuak. Izan ere, film honek poliziaren justifikazioa eta infiltrazioaren erromantizazioa besterik ez du egiten, gai honen auzi nagusia guztiz albo batera uztea lortu arte. Ez dakit konturatzen garen, edo inoiz hausnartzera gelditu garen, mugimendu sozialetan polizia baten infiltrazioak zer-nolako eragina duen. Izan ere, pertsona infiltratu batek biolentzia eragiten du espazio horietan. Eta biolentzia diot, kasu honetan filmean ikusi ahal izan den bezala, polizia infiltratuak harreman sexu-afektiboak, lagun arteko espazio faltsuak eta engainuan oinarritutako bestelako milaka sare sortzen dituelako.
Beraz, grazia egiten dit, gaur gaurkoz, oraindik euskal gatazkaren inguruko errelatoaren istorioa populismoan eta erridikulizazioan oinarrituta jarraitzea. Herri honek jasandako minaren aitortza, erreparazioa eta egia hamarkada luzez aldarrikatuak izan dira; izan ere, badira oraindik min horretan gatza botatzen jarraitzen dutenak. Hala ere, gainontzekook gure herrietako, auzoetako eta bestelako espazio antolatuetan egiari zor errelatoaren beste aldea zabaltzen jarraituko dugu.