"EZ DAGO TXORIRIK"
Aurreko egunean ezagun batekin hizketan aritu nintzen, txorien inguruan, nola ez. Berak geroz eta txori gutxiago ikusten dituela esan zidan, jarraian pare bat adibiderekin argudiatu zidan bere ikuspuntua azaltzeko.
Hemen elkarrizketak nola jarraitu zuenaren laburpen txiki bat:
«Gauza bat, zuk kotxe gorri asko ikusten dituzu?». Berak kotxe gorri bat dauka, eta gure aurrean zegoen aparkatuta. «Buf! Egia esan nahikotxo, uste baino gehiago daude Jon!». Nire erantzuna: «Ba nik ez dut ezta bat ere ikusten! Nola da hori? Nik ez dut kotxe gorririk ikusten, eta zuk ez duzu txoririk ikusten!».
Ez dakit ezagutzen duzuen Baader-Meinhof efektua. Maiztasun ilusio bezala ere ezaguna dena. Zerbait berria ikasi edo nabaritu ostean, bat-batean leku guztietan agertzen dela dirudi. Gure joera kognitiboa sesgatuta dagoelako gertatzen da hau. Kontua ez da auto gorri gehiago daudela bat-batean, gure garunak arreta handiagoa jartzen diela auto horiei baino.
Era honetako elkarrizketak asko izaten ditut. Txori gutxiago daudela, hirietan ez dela ezer ikusten, bizi diren lekuan beraiek ez dutela gauza askorik ikusten, etxe inguruan dabiltzan hegaztiak beti direla berdinak etab.
Nik beti erantzuten diet honela: «Ez dago txoririk, edo dauden txorietan ez duzu arretarik jartzen?».
Egia esan, niri honek zer pentsa ematen dit. Ez baitugu arretarik jartzen, naturan dagoenak ez digu axola, guretzako ez da existitzen. Bueno, ez dugula arretarik jartzen diot, baina zenbat denbora pasatzen dugu naturan? Igande goizeko paseoa, eguraldi ona egiten badu, lanetik irten ostean beste bat, eta… ez askoz gehiago. Txoriak ikusteko lehenik eta behin etxetik atera beharko da, ezta?
Begiratu, 2009. urtean Alcala de Henareseko unibertsitateko ikerketa batek inguruko objektuak begiak itxita non dauden identifika ditzakegula frogatu zuen, mihia klaskatzean sortutako oihartzunak emititzen dituen uhinei esker. Bai bai, saguzarren antzera. Ikerketaren zuzendariaren arabera, oihartzuna bibrazioen bidez hautematen da belarrietan, mingainean eta hezurretan.
«Gertatzen dena da gaur egun gaitasun hori naturarekiko kontaktu eskasa dela eta latente dagoela, erabiltzen ez dugunez, itzali egin dugu».
Gure gorputza gauza ikaragarriak egiteko gai da, kontua da naturan ez egote horren ondorioz, gure zentzumenak lokartzen goazela pixkanaka.
Agian ez da txori gutxiago edo gehiago daudela, gu geroz eta gutxiago gaudela beraiek egoten diren lekuetan eta gaudenean ez dugula txorietan arretarik jartzen, ez al duzu uste?
A! eta azken gauza bat. Naturan murgiltzen garenean, ireki ditzagun ondo begiak, jar dezagun arreta soinuetan, garbitu ditzagun ondo sudur-zuloak, bete gaitezan lokatzez behar bada, atera gaitezan euria denean ere, utz ditzagun mugikorrak alde batera, gorde ditzagun aurikularrak eta… gozatu dezagun naturaz!