Ezer aldatzen ez duten aldaketak
Pasa dira hauteskundeak, denbora luzeko kanpaina aspergarri eta hutsaren ondoren, heldu zen egun handia. Beti bezala, hauteskundeekin batera eztabaidak, gatazkak eta zalantza ugari lagun arteko elkarrizketetan. Jasaten dugun prekarietate eta ziurgabetasunak, gauzak aldatzeko beharra sortzen du gizartean. Alderdi politiko eta politikarietan sinisten ez duen gizarte batean hausnarketak interesgarri bihurtzen dira hauteskundeen aurreko egunetan. Bozkatu ala ez, betiko zalantza askorentzat. Zerbaitetarako balioko du bozkatzeak? Abstentzioa pasibitatea da?
-Ez baldin baduzu bozkatzen ezin zara kexatu!
Esaldi sakon bat esan duelakoan, gainetik begiratzen zaitu lau urtetik behin kaxa batera papeltxo bat botatzen duen lagunak. Eztabaidak aurrera jarraitzen du eta mahai gainera pertsonaia ezagun ezberdinak ateratzen dira: Pepe Mujica, Milei, Pradales, pimienta espraia, Otegi, Yolanda Diaz… Hauexek dira bizi dugun egoera politiko despolitizatuari aurpegia jartzen dietenak.
Ez dut alderdi politikoetan eta bozkan sinisten, gure bizitzak eta honen inguruko erabakiak delegatzea oso erabaki arriskutsua baita, gizartea desorganizatzea helburu duen joko krudel baten parte hartzea.
-Aldaketa garaia da! Ongizatea aukeratu!
Hauxe diote alderdiek. Zer aldatzeko? Inoiz baino formakuntza politiko gutxiago duen gizarte batean, ideologiarik gabeko alderdiek bikain egiten dute beraien kanpaina ezertan sakondu eta ezer azaldu gabe. Boto erraza bilatzen dute eta sumisioa eta ezjakintasuna goraipatzen dituen gizarte baten sostengu bihurtu dira. Ezin da ezer eraiki herriaren indar eta organizaziorik gabe, horixe ederto dakite gure bizitza prekarioak kontrolatzen dituzten boteretsuek. Nahiz eta «ezkerreko» deituriko alderdiek boto asko atera, ez dute inoiz boteretsuen txolloa arriskuan jarriko duen ezer aldatuko.
Badago antolatzeko eta borrokatzeko aukera alderdi politikoetatik kanpo. Politika ez da alderdietara mugatzen, nahiz eta horrelaxe saldu diguten urte askotan zehar. Herri eta auzoetako asanbladak, autodefentsa sareak, sindikatu iraultzaileak, federalismoa… borrokarako tresna baliagarriagoak dira bozka baino.
Orduak egon gaitezke bozkaren inguruan eztabaidatzen, baina argi dago garrantzitsuena egunero egiten den lana dela, ez bozkatzeak eta etxean geratzeak ez du ezertarako balio, ezta bozkatu eta etxean geratzeak ere. Aldaketak lortzeko antolatu beharra dago.