Familia medikua
Ez zait inoiz medikuarengana joatea gustatu. Gure etxean bata zuriaren sindromea oso hedatuta dago, eta beti urduri jarri izan gara kontsultatik pasatzea tokatu zaigun baikoItzean. Oraindik ere hankek dar-dar egiten didate medikuak nire izena esaten duen bakoitzean, baina zorionez, urteek aurrera egin ahala, lasaiago joaten ikasi dut.
Arrazoi desberdinak tarteko, azken urteotan nahi baino gehiagotan bisitatu behar izan dut nire familia medikua, Jone. Niretzat, aingeru jagolea da gaur egun. Ez bakarrik nire osasuna zaintzeaz arduratzen delako, baizik eta, beti tentuz eta begirunez egiten duelako.
Lanez gainezka egon arren, inoiz ez dit aurpegi txar bat jarri. Beti bere denbora hartzen du paziente guztiak ondo artatzeko eta norbanako bakoitzaren beharretara moldatzeko. Gauzak argi azaltzen ditu, eta behar den guztian laguntzeko prest agertzen da. Bere pazienteen ongizateagatik benetan kezkatzen da, eta hori eskertu egiten da. Jonek oso ondo zaintzen gaitu muruetarrok eta forutarrak. Eta bere aurretik, hala egin zuten Sandrak eta Laurak ere.
BAME azterketa (gazteleraz, MIR) egiten duten ikasleentzat lehen mailako arretan edo familia medikuntzan espezilizatzea ez omen da normalean lehen aukera izaten. Ez nau harritzen. Gure osasun sistemak, eta orokorrean, gizarteak ahaztu egiten ditu askotan lehen lerroan dauden profesional horiek: ezinezkoak diren lan txandak eta guardia ordutegiak jartzen dizkiete, ordezkatu gabeko baja eta hutsuneak, baldintza kaxkarrak eta mespretxuak herritarrok beti hain gertu izaten ditugun mediku horientzat. Panorama hain iluna dela kontuan hartuta, ze garrantzitsua izaten den Jone bezalako profesionalak gertu izatea. Zein garrantzitsua, baita ere, osasun sistema publikoa babestea.
Gure osasun sistemak, eta orokorrean, gizarteak ahaztu egiten ditu askotan lehen lerroan dauden profesional horiek
Maiz pentsatu izan dut familia medikuaren profesioak asko duela bokaziotik. Hori erakusten dit Jonek bere kontsultatik igarotzen naizen bakoitzean. Eta hori erakutsi zidan nire lagun Maialenek ere lehen mailako arretan espezializatzea erabaki zuenean. Berak ere entzun behar izan zituen jendearen kritikak espezializazio hori aukeratzeagatik. Baina gaur egun, Joneren antzera, bera ere profesional bikaina bihurtu da. Eta ez bakarrik jendeari sendatzen laguntzen diolako, baizik eta, berak ere gertutasunez, goxotasunez eta errespetuz egiten duelako.
Horregatik, berandu izan baino lehen, zaindu ditzagun hain gertu ditugun profesional horiek; zaindu dezagun gure eskura dugun altxor hori.
Jone, Sandra, Laura, Maialen… eskerrik asko gu hain ondo jagoteagatik!