Garbiñe Delgado Raack: 'Bai, eta'
Negu honetako denbora kaskarrak gogaituta gaitu, bai, eta bero dexenteko egunetan bat edo beste kexaka ibili da.
Bilbo, hiri bezala izugarri hobetu da duela 50 urte zuen itxurarekin alderatuz, bai, eta horrek turista asko erakartzen ditu, maiz kale estuetatik ibiltzeak deseroso bilakatzen delarik.
Epaileek abusutzat jo dute bortxaketa, bai, eta milioika pertsonek bortxaketa bortitza izan zela argi dute.
Izan duzun jarrerak haserretu egin nau, bai, eta testu hau idazteko aitzakia bikaina eskaini dit.
Jende askok gudarien omenezko eskultura begi onez ikusten du, bai, eta jartzeko tokirik egokiena zein den dagoeneko martxan dagoen Pasilekuko talde suspertzailean erabakitzearen alde agertu dira.
Ez dugu patxadaz egoteko astirik izan etorri behar zinela denboraz esan ez didazulako, bai, eta gauzak gertatu daitezen nahi bat dagoenean, gauzak gertarazi ohi ditugu.
Zure negarrek batzuetan aztoratu egiten naute, bai, eta negarrik ez bazenu egingo ez nuke jakingo zer behar duzun.
Negu honetan egindako denbora kaskarrak kokoteraino nauka, bai, eta horren ondorioz goza ditzakedan paisaia berde asko amaigaberaino baloratzen ditut.
Zure lehen pausuak eman zenituen unean poztasun itzela sentitu nuen, bai, eta aldi bereko atsekabea, beldurra… ere.
Gertaerak bide bakar eta zuzen baten arabera aztertu eta uler daitezke, bai, eta elkarrekin harremanean eta elkarren gainean eragina duten egoera askoren emaitza bezala interpretatu.
Zutabe honek gauza berberaren inguruan ikuspegi bat baino gehiago egon daitekela esatera dator, bai, eta aukera aniztasuna beti ikuspuntu sortzaile edo berriaren eratzaile eraginkorra izan ohi dela aldarrikatu nahi du.
Soziokonstrukzionismoak bizitza interpretatzeko aukera berri mordoa eskaintzen dizkigu, bai, eta, aldi berea, aukera hauek mugatu ere egiten ditu.
Gauzak ez dira zuriak edo beltzak, bai, eta zenbait kasutan, bakarrik beltz ikusten ditut.
Badaude eragile batzuk herriaren alde lan asko egiten dutenak, bai, eta aldi berean parte hartuko luketen herritar askori ez dietenak horretarako aukerarik ematen.
Bizitza konplikatua da, bai, eta baita ederra ere.
Gehienetan egoerei buruz pentsatzeko orduan diskurtso dominanteek gailentzen dute, bai, eta zeinen interesgarria den diskurtsook kuestionatuz bestelako ideia batzuk hausnarketetan parte hartzen uztea!
Hitz hauek irakurri eta gero ez daukat argi zein mezu transmititu nahi duten, bai, eta zuk zeuk gehitu honen ildoan esan nahiko zenukena.