Gaur egungo politika
Politika komunikabideetako eguneroko menu nagusia izaten ari da, kirolarekin lehian. Menua oso ugaria izaten da, baina gehienetan, ideiak errepikakorrak izaten dira.
Orduak eta orrialdeak betetzea ez da samurra izaten errepikakorra izan barik. Ez dira gutxi horretaz kexatzen direnak, baina, bestetik, ez gaude azalpen horiek guztiak irakurtzera zein entzutera behartuta. Bakoitzaren eskuetan dago, edozein gaitaz, zenbat eta zer ikusi, entzun edo irakurri. Galbahe lana egitea eta ondo aukeratzea oso garrantzitsuak dira, denbora asko alperrik galdu nahi ez badugu.
Zaletasun desberdinak ditugu, zorionez, eta komunikabideak inoiz baino aukera gehiago ematen dizkigute bakoitzaren gogokoenak hautatzeko.
Politika gaiak ez du sinpatia gehien sortzen. Alderantziz, politikariek ez daukate, oro har, enpatia handirik. Sentimenduak alderdi politikoen arabera agertzen, azaltzen edo adierazten ditugu. Herritarrak, gehienetan, beharrezko informaziorik gabe, alde batera edo bestera zuzentzen dituzte beren sinpatiak. Portaera horiek normaltzat hartzen dira.
Beste kontu bat da kargu politikoak dituztenen erantzukizuna. Egunero agertzen dira komunikabideetan. Baina, une honetan ez da maiztasun hori kritikatzen zaiena. Baliteke hori beste batzuen ardura izatea. Komunikabideak orrialde eta ordu asko bete bahar dituzte eguneroko zereginetan.
Kirol arloan ere berdin gertatzen da. Kirolariak, euren lan profesionala praktikatzeaz gain, kazetari lana egitera behartzen dituzte.
Herritarrek politikariei kritikatzen dietena, batez ere, ez da hainbeste aldiz agertzen direla telebistan, prentsan edo irratian. Politikariei kritikatzen zaiena beraien arteko eztabaidak dira. Eztabaida horien arabera, gobernuan, agintean daudenak dena gaizki egiten dute oposizioan daudenentzat. Azken horiek, ostera, alderantziz, arazo guztientzat dituzte konponbideak.
Siniste hori herritarrei helarazten ahalegintzen dira, hauteskundeetan haien botoa lortzeko. Portaera hori errepikatzen da kasu guztietan eta alderdi guztiekin, hautesleak gutxietsi eta engainatu nahian. Horregatik azaltzen dira herritarren kritikak, eta politikariei eskatzen zaie seriotasun gehiago edukitzeko.
Dena den, kritika horietan ez dira sartzen politikari guztiak. Denak zaku berdinean sartzea bidegabekeria izango litzateke. Herri askotan zailtasunak izaten dituzte udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkitzeko. Gehienek euren nahien kontra onartzen dituzte alderdi bakoitzaren eskaerak. Ordu asko igarotzen dituzte herritarren arazoei aurre egiten, eta, sarritan, inolako ordainik gabe.