Gizonak noraezean
Semeen aitok (eta amok ere bai), arazo galanta daukagu. Diskurtso dikotomikoarekin apurtu nahirik, nonbait, definitu dira gizontasunaren —gizonkeriaren— eta andratasunaren —andrakeriaren… neurri baxuxeagoan— ezaugarriak. Eta aurrerapausu asko egin dira; gauza asko eta asko hoberuntz bideratuta. Eta beste batzuk, hobebearrean, ez dira hobetu.
Gaur gizontasun/gizonkeriaren ezaugarri definitu horiek —-gogortasun, biolentzia, hausnarketa gabezia, nahikeria, indarraren eta aukeraren arrazoi hutsa— jaso dituzten gizonezko autodefinitutakoaren izurritea dugu. Hau da, gizon = matxista ekuazioa gizontasunaren eredutzat hartu duen patari-gizontxu ganorabako asko daukagu; orain diskurtsoz jantzita. Horiei, gaur-gaurkoz, ez dago mahaigainean aurre egin diezaiekeen diskurtsurik. Bai; zuk eto biok adostu dezakegu haiek sekula entzungo ez luketen diskurtsua, eska diezaiekegu mantra baten antzera errepikatzea, baina hor segitzen dute berdin.
Horri oposatzen zaion beste gizonezkoen definizio bat ere badago mahaiaren bazterrean: Homer Simpson, Pepa Pig-en Daddy Pig edo Gumballen Richard hori. Gizon = ganorabakoa eredu hori ere ondo ezaguna dugu; ardurarik nahi ez duen umetxu hazi horiena.
Bere burua gizon definitu beharra duten askok duten umezurtz sentipen horrek erantzun ganorazkoa eskatzen digu.
Gizon kontzeptuaren kontrakotasunerako «orangutan» proposatuko nuke nik. Indarrak uzten dionez egin nahi duena egiten duenak ez du entzun behar hori gizona delako egiten duenik, gizonezkoei horrelakoak izaten erakutsi zaielako. Ez. Hori egiten du ez delako gizon, ganorabakoa baino. Bere indarrezko atalaiatik nahia ezartzen duenak ez dio bere gizon senari erantzuten: bere gizon izakerari ez dio tokirik uzten, patari izaerari lagatzeko beldurrez dagoelako. Gizon balitz, benetako gizon, ez luke bere asmorik ezarriko ahal duelako; borrokatuko litzateke entzuten ez dena entzuna izan dadin, defendatuko lituzke berak baino gutxiago ahal dutenak, ahaleginduko litzateke bere onena ematen, bere buruari ez lioke utziko kapritxuak inori ezartzen; entzuten ahaleginduko litzateke, egiak aurkitzen, laguntzen, zaintzen, eraikitzen, ikasten, irakasten, ikertzen, jakiten… ezina topa arte. Eta ezinaren aurrean, laguntza eskatuko luke ekinago ahalegintzeko. Horixe esan daiteke dela gizon izatea, ez dok ipar txarra.
Eta andrek ez? dinoste lagunak haserre ulergarriaz. Beste kapitulu bat da hori; eta kapitulu horretan arrazoia emango diot.