Goi mailako irakurle bihurtu
Neguko haize bortitzak zuhaitzetako orriak orbel bihurtu eta noraezean daramatzan era berean, ikasturte erdia joan zaigu oharkabean. Gurasoen artegatasuna, ikasturteak bukatzeko falta duen denboraren alderantziz proportzionala da. Irakasle eta gurasoek seme-alaben ikasketak garrantzitsuak direla adierazi arren, ikasketa prozesuari baino emaitzei esleitzen die arreta eta garrantzi guztia. Huts barkaezina. Garrantzitsuena, benetan, baitaratu beharreko edukiak ulertu, ikasi eta gogoratzeko ikasleek eskura beharko lituzkeen metodologia-prozesu bikainak dira eta ez emaitzak.
Gurasoak, oro har, ez dute seme-alaben hezkuntzaz, (esanahi etimologikoan), interes oso urria besterik agertzen; seme-alabek ikasi beharrekoak gorabehera handirik gabe gainditu eta hurrengo ikasturtera igarotzea beste helbururik ez dute izaten.
Beharrezkoa da garatzen ditugun ekintzen hausnarketa egitea, hobetu daitekeena hobetu eta okerrak zuzentzeko. Gure baitan errotutako ohitura zaharrak aldatzeko ahaleginik egin gabe eta gaitasun intelektualak maila jasoan kokatzeko prestakuntzarik izan gabe emaitza bikainak lortu nahi izatea, ezinezko izateaz gain erabat antzua da.
Ikastetxeetan ez da irakurtzen ikasten. Ikastetxeak ez-irarkurleak sortzen dituzte, irakurketarekiko ezinikusia eta zaletasunik eza duten ikasleak alegia
Irakurketa dugu gaitasun intelektualen artean funtsezkoena, garrantzitsuena. Hala ere, egungo gizartean oso gutxi irakurtzen da; gero eta gutxiago eta gero eta…txarrago. Irakurketari ez zaio lehentasunik ez garrantzirik aitortzen eta horren adierazle hauxe: norbanakoen %97ak (gazte, nerabe eta helduak) oso gutxi, ikaragarri geldo eta ulermen urriz irakurtzen du. Egungo irakurgaitasuna negargarria da, gizartearen, Hezkuntza sistemaren eta ikasleen arazorik larriena izanez.
Irakurketa-trebetasunak izugarrizko hondamen bidean dira eta horren lekuko ikasleek irakurketan eta ulermenean egun duten porrot harrigarria dugu. Ikastetxeetan ez da irakurtzen ikasten. Ikastetxeak ez-irarkurleak sortzen dituzte, irakurketarekiko ezinikusia eta zaletasunik eza duten ikasleak alegia. Ikastetxeek irakurle geldo, ulermen urriko eta irakurketa-ohiturarik gabeko ikasleak sortzen dituzte.
Era jasoan irakurtzen ikastea, norbere trebetasunak eraldatu eta jakintza biderkatzeko leiho izateaz gain, denbora egoki kudeatu eta etekinik handiena ateratzeko tresnaz jabetzea da.
Goi mailako irakurketarako metodologiaren jabe ez izatea, ondorengo egoeren iturburu emaritsua da: ikasten ez jakitea, frustrazio handia, motibaziorik eza, eskola porrota, gainbehera pertsonala, gurasoen egonezinaren iturri, ikasleen etsipenaren jatorri eta egoera pertsonalean, akademikoan eta sendi mailan ere ondorio latz eta ikaragarriren hastapen.
Goi mailako irakurleak, hilero hamar liburu irakurtzen ditu; ohiko irakurleak baino hamar aldiz arinago irakurtzeaz gain, erabateko ulermena dauka
Irakurketa jasoak aukera berriak arakatu, miatu eta ikertzeko bideak eskaintzen dizkigu; ikasten jarraitzeko emozioa sustatu, sormena areagotu, ikerketaren oinarri eta zutabe ditugun jakinmin intelektuala elikatu eta gure izanari sentiberatasuna ematen dio.
Goi mailako irakurleak, hilero hamar liburu irakurtzen ditu; ohiko irakurleak baino hamar aldiz arinago irakurtzeaz gain, erabateko ulermena dauka. Irakurle, zure egungo irakurketa-gaitasuna errotik eraldatu eta goi mailako bihurtzea…zure esku dago.
Irakurketa errotik bihurtzeko erabakia hartu ez izanak, pobretasun intelektuala dakar, pobrezia guztietatik latz eta bihozgabeena; eta horrek etorkizuna errotik arrakalatu, gaitasunak trenkatu, izana gutxitu, arima txikiagotu eta primitiboak izatera kondenatzen gaitu.
Pobrezia intelektualetik irtetzeko ezjakintasunetik irten behar da eta bide bakarra…irakurtzea da, goi mailan izanez erruz irakurtzea, baina horretarako egungo irakurketa-gaitasuna goi mailako bihurtu behar duzu. Erabakia, zeure esku.