Goizaldeko lauretan porrua
Etxeko danek lo hartzen dabeenean bera piztu egiten da, eta bere pentsamenduak argiztau egiten dira, polborazko botoiak bailiran, gauaren isilean. Halanda be, senarragaz batera oheratzen da; egun osoa guztien begietan dagoala iruditzen jako, egiten dabena ondo egiten dabela egiaztatzen dabeenen aurrean, eta gauean ez da ausartzen senarrari esaten esna geratu nahiko leukeela beste bizpahiru orduz… Bere bizilagun arloteak, ostera, azkar baten hartzen dau lo, eta baretasuna etxeko hormetara estu-estu itsatsita geratzen danean jaigi egiten da, egongelan zer edo zer irakurtera. Fisikoki aldamenean inor ez daukalako hobeto leiduten dau; badirudi holan errezago hegaldatzen dala bere barrena, bere oroimena: haren bizian altura apur bat hartzen dabeen osogarri bakarretakoak.
Irakurketearen erdian –esaldiak herrenka itxiaz, sarri–, burua joan egiten jako. Leku edo aro jakin bat bilatu barik, inorako noranzko zehatz barik, irudien ehizara urteten jako gogoa: aurpegiak, testuak, gauak kanpindendan, ardau-kopak, ansiliotikoak, hasarrealdiak, une hutsalak askotan, ordenagailu-tekladuak, gruak, txiskeroak, zaldiak, icebergak eta mendi bideak; osterantzean, baten bati leidu eutson ha: jenteak, zertan pentsaurik ez daukanean, era danatako gauzak pentsetan ditu. Akorduan dauka fakultadeko mutil ha, non ete dago?; Venezian eginiko zorokeria ha, eskerrak orduan egin ebala; Maitanerengandik urrundu eban egoera arraro ha; gaur senartzat daukana aurkeztu eutsien zirkustantzia xelebre ha, harekin ezkontzeko sartu jakon presa, garai hartan biziari buruz eukazan baloreei bete-betean erantzuten eutsielako, beharbada… Orain, aldiz, baloreak zeharo aldatu jakoz, baina gizonak lehengoa izaten darrai: ez eban egundo sakontasun larregirik izan, baina arintasun hori hain zan erakargarria bizia arina zanean!
Ezkaratzera bajatu da, ur apur bat edatera. Bitrozeramika azpiko armairutxuan gordeta daukan porrua atara dau, krisialdi-egoeretakoa, dana ganezka egiteko puntuan dagoan horreetakoa. Hamaikatxutan esana eutson senarrari hori unibersidade sasoietako kontua baino ez zala, behar baino gehitxuago luzatzen ziran eguen bilbotar hareetakoa, eta, harrezkero, itxia eukala. Bentanarako bidea hartu dau. Ito egiten dabe gogoeta batzuek. «Ba al dakizu, maitea, zer botaten dodan faltan, beste ezer baino gehiago?», esango lekio; jentea topetan dodanean –lagunak zein ezezagunak–, «ba, euren arpegietan sumatzea ni ikusteak poza emoten deutsiela; nire presentzia harrigarria besteko alaigarria dala eurentzat eta ez nabeela konpromisoz nahiz arau sozialen indarrez bakarrik agurtzen. Badakizu zenbat botaten dodan faltan norbaiten arpegian irribarre bat zelan sortzen dan ikustea, ni topau nabelako?».
Pausoak igarri ditu korridorean barrena eta, halako baten, senarraren begirada beilegi-zurbila agertu da atearen argilunean barrena. «Zer zabiz hamen behean ordu txikitan?».
Begira-begira geratu jako, ezer esan barik. Baina senarrari ez deutso ezer ardura izan. Ostean, komuneko bonbeari tira egin deutso, gauez ez tiratuteko sarritan esana deutson arren.