Gorka Etxebarrieta: 'Badoaz'
Badoaz azken mendeko gertaera garrantzitsuenak bizi izan dituzten haiek. Badoaz bere bizipen eta oroitzapenak. Ez dute .com aroari martxa hartzeko indarrik edo adorerik izan, eta horrela, badoaz bere istorio, ikuspuntu eta jakintzak.
Tabernako tertuliatik, eskatzeko mahaiko solasaldietatik, gaur egun bogan diren Twiter, Facebook, eta Blog-a bezalako beste hedabide hauetara salto egin dugunok, uste baino lehenago faltan botako ditugu doazen horien kontu eta kantuak. Izan ere, gaur egun gurean ditugun arazo eta gatazkak gainditzeko, ezinbestekoa dugulako gertatu denaren ezagutza izatea. Atzokoa ezagutu barik ezin dezakegu gaurkoa ulertu, ezta konpondu. Eta atzoko horren parte handi bat badoazenekin doakigu.
Larrek, basoek, ibaiertzek etxebizitza bera baino garrantzi handiago zutenean; elikadura, norberaren nahiei edo bizioei baino lurraren emankortasunari lotuta zegoenean; bizimodu osasuntsua, gimnasio eta dietekin baino, aisialdirako denbora izatearen ulertzen zenean; eta nola ez, gure herriak bizi duen gatazka globala hasieratik ezagutu eta ikuspuntu orokorragoa dutenen jakintza doanean… Hauek eta beste gauza asko dira, badoazenek beraiekin daramatena.
Beraz, oraindik aiton -amona, ama, aita, izeba, osaba jakintsu horiekin solasaldi tartea izateko aukera duzuenok, denborarik ez galdu. Adi egon, heldu beraien oroitzapen eta kontuei eta Twiter, Facebook eta beste sare horietan lotsagabe argitaratu. Denon, herriaren, onerako izango da eta.
Uurte barri on eta Gabon zoriontsuak!