Ohi bezala, emozioz beteriko hilea espero da aurtengo urria ere. Baina, ikus-entzunezko hedabide guztien arreta erakarriko duen hilaren bateko catalunyar processuaz gain eta Boletus edulis edo oreinaren orroen zale amorratuek basoetara egingo dituzten txangoez gain, bada hile honetan guztiz gomendagarria den gertaera mundiala. Mundakako herri dotorearen eskutik Urdaibaiko erreserba, panorama internaziolean jartzeko maila duen fenomeno naturala alegia. Mundakako ezker olatua lagunok!
Itsas zabalean emango diren perturbazio atmosferikoek sortutako hondoko itsasoak, gure estuarioko sarreran estrategikoki kokatuta dagoen arezko barra perpendikularki jotzerakoan, urteko sasoi honetan lagun izaten dugun hego haizearekin topo egiten badu altxatuko diren urezko harresiak ikusgarriak izango dira. Eta aipatutako formula magistrala ematen bada, olatu horren gainean dantzan aritzeko ausardia zein abilezi harrigarria duten surflariak, batetik zein bestetik, agertuko dira. Mundakako portuak, Izaro irlak eta Ogoño lurmuturrak babesten duten antzezleku natural horretan, edozein zuzendari artistikok sortu nahi izango lituzkeen koreografia magikoak irudikatuz.
Eta gutxi batzuk uretan dantzan ibili bitartean, beste asko, fenomeno honen zaindari leiala den Mundakako herriak, espektakulu horretaz gozatzeko espreski eraiki izana dirudien talaian jarri ahal izango gara. Hego haizearen beropean, garagardo hotz bat eskuan, debaldeko ikuskizun hau miretsiz. Naturak aukeran oparitu digun Oktoberfesta ospatzen.
Izan ere, beharko zena baino energia eta baliabide ekonomiko gehiago alferrik galtzen dira herri, hiri eta eskualdetako agendak ekitaldi, kontzertu, aktibitate eta azkenaldian «festival» izendatu diren emanaldiz loditzeko. Aukera interesgarriak direnaren lelopean, gure denbora eta atsedena aztoratzen. Bi buru, lau begi eta sei ipurdi behar lituzkeen panorama eskaintzen. Aski da. Akzio artifizialen pilaketa etengabeari stop!
Hamaika aldiz errepikatu izan dudanez, natura nola adierazten den ikasi nahi dutenek izango dute eskualde honetan zein munduan zehar eskuragarri diren dohako ikuskizun liluragarriez gozatzeko zortea. Garaiz zaudetenok, sentitu, asko pentsatu, ulertzen saiatu eta ekin!