Gorka Etxebarrieta: 'Gernikeko Pasilekue bizirik'
Lau urteko ziklo horren azken txanpan sartu bezain pronto danbor hotsak entzuten hasi gara. Gauzen datetatik datorren urteko maiatza bitartean gure herri zein aldundietako erakundeetan emango dena, irizpide tekniko eta logikoarekin ezer gutxi ikusi beharko du. Politikak eta arrazoiak, inoiz orekan izan ez badira ere, aurrez aurre talka egingo dute. Iritsi berri ziren haiek, garaipenaren emoziopean hartutako erabaki mordo haien emaitza onak goraipatzen eta txarrak alde batera uzten emango dute aurretik dugun urte luzea. Ezer gutxi erakustearren besaulkiari urteak lotuta daramatzaten haiek, berriz, manipulatze kanpaina zikinena bailitzan, joan diren hiru urteetan agertutako paralisia alde batera utzi eta herritarren memoria azken orduko obra faraonikoz hornitzen saiatuko dira. Azken finean, batzuek zein besteek, gure ongizateaz hain arduratuta bizi diren haiek, bere matematika politikoak plazaratuko dituzte. Herritarron esentzia zanpatuz.
Eminentzia hauekin lanean jarduteko «zortea» dugunok, indarrean diren udal ordenantza, foru dekretu edo aman komuna den prozedura administratiboaz baliaturik, azken orduko sukar mediatikoan bizi diren agintari «leial» hauen egonezin frenetikoa baretzen, ekiditen edo aurre egiten saiatuko gara. Halere, zoritxarrez, kargu publikoa eta politikoaren arteko muga iraganezin hori bereizteko gai jaio ez direnak ere badira. Eta azken finean, hauexek izango dira, politikarien programa liluragarriek inposaturiko asmo horiei kolore eta forma emango dietenak. Formulazioa, teorema matematikoa, uki daitekeen errealitatean transformatuko dutenak. Herriari uko egin eta itzaleko borrero bilakatuz.
Funtzionarioa eta politikaria. Bata eta bestea. Bien arteko elkarlanak gauzatu du gure Gernikan den toki kutunetariko batetan, Pasilekuan, behar ez lukeen egitasmoa gauzatzea. Aurrenik, politika. Udaletxe edo Merkurio parkearen aurrean (herriaren maminean) bisitatzen gaituzten autobusentzako bidamoduzko geraleku bat egin ordez, gure herrian zehar dabiltzan turistak bideratzeko eta horren bitartez komertzioa indartzeko hain «funtsezkoa» den obra, toki ez egokian planteatzeagatik. Multzo berean udal korporazioko kideak. Boterea jateko irrikitan bizi diren berrogei lapurrek, gure Ali Babak, bere amets hunkigarrienetariko batetan amesturiko obra bultzatzearren. Azkenik funtzionarioa. Gure herriaren alde borrokatu ziren gudarien ohorez eraikitako obra horren baldintzen agirian nahi eta nahiez behar luketen baldintza bi ez ezartzearren. Bat, bakearen bandera eramateaz harrotzen den herria garela kontuan harturik, biolentziari parte eman diezaioken edozein erreferentzia ez ekiditearren (fusila barne). Bi, monumentu hori, urtean zehar eremu publiko horretan egingo diren kontzertu, duatloi, kotxe lasterketa edo feriak barne. Zein gure umeek disfrutatzeko behar lukeen espazio garden horretan, 8 metroko diametroa duen tortilla bat eraikitzeko ideiari oniritzia ematearren.
Ideologia anitzeko espektroa garelako. Bizi garen herria hobetu nahi dugulako. Partaidetzatik eraiki ahal delako. Gernikeko Pasilekue bizirik!