Gripea
Ni ere harrapatu nau. Hasieran seinale txikitxoak ziren: eztarriko min apurra, hotzikarak, eztula eta kirolik egin barik muskulu denetako mina. Eta bat-batean, ohean. Medikuarengana jo eta sei bat egun etxean egin beharko ditudala dio. Neure bostean: «Jesus, ez da hainbesterako izango». Ba bai, bada hainbesterako. Kalentura, izerdia, eztula, gorputzaldi txarra… Deneko mina.
Lehenengo egun biak ohean, persianetako marratxoek ere buruko mina handitzen dizutenaren sentsazioarekin.
Hirugarren egunean, begi biak zabaldu eta oraindik bizirik zauden sentsazioari eusteko edo, sofaraino heltzen zara. Eta telebista pizten duzu orduak eta orduak. Baina mandoa bilatu eta katea aldatzeko indarrik/gogorik ez daukazunez, dagoena irunzten duzu Paracetamolekin batera. Urtarrilero Bilbon egiten den presoen aldeko manifestazioaren eguna da, arratsaldea. Eta telebista publikoaren lehenengo katean 2. mailako mutilen futbola ari dira ematen: Real Sociedad B-Racing. Futbol zelaiaren inguruan, hiru-lau lagun. «Mesedez, esan hau ez dela egia, edo anbulantzia beharko dut». Oraindik haserrea ezin baretuta, gauean, Akelarreren kontzertua ari zara ikusten, hirugarrenez. Hori telebistazalea izan barik eta zapatu gauetan etxean egotera ohitu barik, atera kontuak!
Laugarren eguna. Domeka arratsalderik ez dago Euskal Herrian pilota barik, aizue. Eta bueno, ez gara kejatuko zerbait duina eskaintzen ari direnean ere. Gauerako apur bat hobeto sentitu eta heldu naiz mandora. Siete novias para siete hermanos, Ben-Hur (baina hau ez zen ba Aste Santuan?), futbola, lehenengo begiradarako España kutsua duen kutrada bat, futbola, Gran Hermano…
Bosgarren eguna, astelehena. Gero eta makalago sentitzen naiz. Medikuarengana jo dut berriro, eta, antza, neumonia puntua ei daukat. Osasun etxetik bueltan sofara ostera ere.
Sei, zazpi, zortzi… beste astebete egin dut ohetik sofarako bidean. Ez dakit denbora asko pasa delako den edo telebista itzalita daukadalako, baina hobeto sentitzen naiz. Egun osoa bake-bakean eta isilik. Ni osatzen ari naiz, baina telebistak gripearen birusarekin jarraitzen du, neguz negu. Eta ikasi dut: ondo zaindu ezean txarrera egiten du gaixotasunak. Antibiotikoren bat sortu beharko dugu.