Gu bagara Bizkaia?
Artikulu honetarako ideia piztu zitekeen Etxebarriatik Markina-Xemeinera etortzeko dagoen semaforoan, edo pixka bat aurrerago Txoribenta parean dauden biribilgune amaigabeetan; edo Markina-Xemeindik ateratzeko egin duten slalom berrian. Errepide hobe baten eta segurtasunaren izenean, geldiarazi gaituzte bide erdian, iritsarazi gaituzte edonora zertxobait beranduago, galduarazi digute, niri behintzat, pazientzia. Baina ez txarto ulertu, irakurle, mezu hau ez baita obren kontrako aldarria; bai, ordea, bakarrik obrak egitearen aurkakoa. Azaldu nadin.
Orbel gorriz eta hiru sigla handiz lagunduta joaten dira aipatu berri ditudan proiektuak: be, efe eta a. Bizkaiko Foru Aldundia, alegia. Ez dakit herrialde osoan den horrela, baina gure eskualdean, behintzat, porlan usaina dauka diputazioak. Noan lekura noala, ikusten ditut kartel handiak hiru letra horiekin, kolore gorri distiratsuarekin, eta kono, pibote eta hesiekin. Porlan kolpez gogorarazten digute agian ahaztuta geneukana: gu ere bagarela Bizkaia, guk ere ordaintzen ditugula zergak diputazioan eta zelanbait heldu behar zaizkigula bueltan. Eta heltzen zaizkigu diputazioak ia-ia bere sorreratik izan duen marka ia bakarra jarraituta: porlana, galipota, petrolioa.
Eskualdean badago kezka bat kulturaren inguruan. Euskararen arnasgune izanda, eta kulturarako atxikimendu altua izanda, umezurtz gaude: ez daukagu ganorazko aretorik herriotara kultur ekitaldirik ekartzeko. Baditugu kultur etxeak, baina ikusle apurren bat gehiago sartu behar badugu ekitaldian, frontoia beste aterperik ez zaigu geratzen. Horrek alarmaren bat piztu beharko luke hiru sigla horietan; batez ere, ekitaldi eta espektakulu handien garaiotan, estadio eta areto handiak modan baitaude (hirigunean, betiere). Baina gure eskualdean ez, gurean ez dago horretarako interesik, eta kulturaren moduan, beste hamaika arlotan ere berdin gabiltza eskualdean. Baina gaia mahai gainean jartzen den bakoitzean, erantzun bera jasotzen dugu inguruotan, eta jakin badakigu arrazoia dutela: hor diputazioak sartu behar duela eskua esaten dute; hemen, bakarrik, ezin.
Jakin badakigu ez dela kontraparteen utzikeria, ez noa hara; jakin badakigu diputazioaren mahai gainean pisu handiagoa duela porlanak. Bizkaiko ekialdera begira sinatzen diren proiektu bakarrak horietakoak baitira. Jakin badakigu biztanle gutxiago garela, errepidea dela biderik zuzenena gizarte orokorrari eragingo dizkion neurriak ezartzeko. Hori guztia badakigu. Baina hori bakarrik egin dezakeen administrazioa hankamotz, herren eta betoker hutsa baino ez da: horrelako martxan, herrialdeko errepiderik onenak izango ditugu, bertatik alde egin ahal izateko moduko aproposak, galipotaz haragoko ekimen estimulagarriago baten bila.
Eskerrak alternatibak badauden, eta hiru siglen inperiotik harago antolatzen garen. Eskerrak autogestioari.