Guk geure hezkuntza sistema
Iaz Zapran gagoz, aurten Haratzago. Herrian ikastetxe bi egin ahalak egiten, baina bakoitza bere mandatik. Egunerokoan nabarmena da arlo honetan daukaguzan gabeziak, ezinean gabiz zirrikitu bila alkar lana sustatu ahal izateko. Beharrezko eta derrigorrezko dogu danok branka emotea gure hezkuntza sistemaren hobe beharrez.
Aurreko asteburuan, Hezkuntzaz jardunaldiak antolatu ebazan Haratzago-k. Barikuan, hezkuntza sistemak beharrezko dabezen ezaugarrien gaineko mahai ingurua. Gai potoloa eta sakondu beharrekoa hezkuntzako eragile guztien artean. Zentzu horretan, ba, dan-danok eroso sentitzeko moduko testingurua sortu beharra daukagu halabeharrez. EH Bildukook zintzoki diñogu eroso egon gaitezkeen eremuak bilatu, sustatu eta bultzatu behar doguzala.
Aitatu mahai inguruan izandako eragileen jardunak aukera aparta eskeini euskun gure hezkuntza sistemaren klabe garrantzitsuak zeintzu diran indetifikateko. LABeko ordezkari Nora Salbotxek, modurik garbienean eta pedagogikoenean azaldu euskun hezkuntza arlo estrategikoa dala batez be gure moduko herri menperatuan. Horrexegaitik, ezinbestekoa dogu barneratutea Espainiar eta Frantziar estatuen sistemaren menpe gagozala. Sistema hori irauli egin behar dogula, eta, horretarako Eskola publikoa eta “Kontzertatu komunitarioa” (hala definitu eban) ardatz izan behar dirala. Biok “lubaki” bera partekatu behar dogu egungo sistema egonkortu nahi dabenei aurre egiteko.
Zapatu goizeko jarduna, ostera, “herri hezitzailea, eskola herritarra” izan zan gaia. Aurkezpen orokor teorikoaren ostean etorri zan aurkezpen praktikoa, Dimako esperientziaren kontakizuna, zeinetan inplikatuta dabizen herriko eragile esanguratsuenak: eskola komunitatea, herriko talde gehienak, udala, … Esperientzia ederra bezain korapilotsua, nekeza bezain aberasgarria, uste finkatuegiak eraisteko modukoa, inertziak baliogabetu, … Hezkuntza eragileak herritarrok gara, umeak, gurasoak, ez gurasoak, irakasleak, aisi aldikoak, kirol taldeak, … eta administrazioa, udala be bai.
EH Bildukook eraldatu nahi dogu egungo sistema, herri modura landu behar dogu geure hezkuntza nazionala. Horretarako eraiki dagiguzan zubiak herrian daukaguzan ikastetxe bien artean. Edo gureak egin dau.
Miren Tere Aboitiz Erkiaga eta Myriam Etxebarrieta Badiola. Lekeitioko EHBILDUren izenean