Gurasook nerabe
Imajina ezazu «montaña rusa» emozional batean zaudela, etengabeko igoera eta jaitsierekin, arnasarik gabe uzten zaituztenak. Horrelakoa da nerabezaroa. Hormonek berebiziko garrantzia dute, batzuetan kontrolaezinak diruditen aldaketa fisikoak eta emozionalak eraginez. Egun batean, dena da barrea eta dibertsioa; hurrengoan, tristurak eta frustrazioak dena bete dezakete, aldez aurretik abisatu gabe.
Bestalde, gizartea dago… Lagunak egitea eta talde batean sartzea lan erraza izan daiteke helduen ikuspegitik, baina nerabe batentzat askotan oso zaila da. Onartua izateko presioa, taldeko «arraroa» ez izatea, besteek zer esango duten beldurra, konplexu fisikoak… Gu gazteak ginenean bezalaxe, orain ere kezka berdinak dituzte, baina gauza berri bat erantsita gainera, sare sozialak eta hauen presioa, presio estetikoa batik bat! Gaur egun nerabea izatea, oraindik eta gogorragoa eta zailagoa da! Ez daukat inongo dudarik!
Horretaz gain, nerabeek gizartearen eta familiaren nahiak betetzearen presioa ere badute. Beraz, dena pilatzen zaie eta karga emozional ikaragarria sortzen du guzti horrek.
Eta nerabea izatea zaila bada, nerabe baten ama izatea ere ez da batere erraza. Batzuek diote ekaitz perfektu baten erdian nabigatzen saiatzea bezala dela, beste batzuek, ordea, basamortu batean galduta egotea bezalakoa dela. Nik ez bata, ez bestea ez nuke esango, ez da nire kasua behintzat, baina norberaren semea sufritzen dagoela ikusi eta nola lagundu ez jakitea, ez da erreza…
Gurasook seme-alabak ia goizetik gauera aldatzen ikusten ditugu. Komunikazioa zailago bihurtzen da bat-batean, gatazkak ohikoagoak dira eta, batzuetan, hurbiltze saiakerak ez dira errazak izaten.
Nerabeen mundua ulertzea, beren hizkuntza, moda eta kezkekin, sekulako erronka izan daiteke gurasoontzat. Izan ere, etapa horretako alderdirik gogorrenetako bat identitatea bilatzea da. Nerabeak etengabeko aurkikuntza-prozesuan daude, nor diren eta munduan zer leku duten ulertzen saiatzen. Bidaia hau nahasia eta mingarria izan daiteke, batez ere, kanpoko espektatibei aurre egiten dietenean, beti ez baitira bat etortzen beren desio eta nahiekin. Eta hor egon behar dugu guk, gurasook, alerta, pazientzia eta enpatiarekin. Izan ere, etxeko gazteek ere beren amets eta beldurrei aurre egiten diete, sarritan itxurazko interesik ezaren edo errebeldia duen fatxadaren atzean ezkutatuta.
Etapa honetan bizitza osoan iraun dezaketen lagunak sortzen dira, ezkutuko grinak eta talentuak aurkitzen dira, eta gizabanako bakoitzaren etorkizuna definituko duten trebetasunak garatzen dira. Akatsak eta esperientzia zailak funtsezkoak dira ikasketa honetan, eta nerabeek zein gurasoek gogoratu behar dute, bidea zaila izan arren, patuak merezi duela.
Laburbilduz, nerabea izatea eta nerabe baten guraso izatea ere esperientzia gogor zein aberasgarriak dira. Pazientzia, ulermena eta maitasun handia eskatzen dute. Beraz, hurrengoan gaztea izatea erraza dela pentsatzen dugunean, gogora dezagun «montaña rusa» emozional hori, eta gorabehera haundi horietan igo eta jaisten lagundu baino ez diegula egin behar, nahiz eta erraza ez izan. Pasako da, guk pasa genuen bezala eta etorriko dira gero ere beste buruko min batzuk!