Gure aldarrikapen historikoari erantzunik ematen ez dion obra
2015-2019 legealdian gure erakundeen erreferentzia markoa ekonomiaren oparoaldia izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak dirubilketa kopuru historikoak lortu izana harrotasunez erakutsi duenez, ikusten dugu Mutrikun aukera horrek ez duela ondorio zuzenik izan duela 30 urtetik gure herriak udal ordezkaritza zabalez eta gehiengoz aldarrikatu duen proiektu historikoaren gauzapenean. Aipatzen ari naizena, Mutriku-Sasiola saihesbidea, bariantea.
Onartu behar dut Diputatu Nagusi Markel Olano jaunak kostaldeko GI-368 errepidea hobetzeko iragarritako obrek hobekuntza ekarriko dutela bertatik egunero dabilen trafikoarentzat, oinezkoentzat eta errepidearen obrekin batera egingo den bidegorria erabiliko duten ziklistentzat.
Adierazi behar dut Mutriku-Sasiola bariantearen proiektuan GFAren inplikazioa lortzea gure proiektu estrategikoetako bat betetzea zela, aldarrikapen historikoa asetzeaz gain herriko berezko arazo bati konponbidea ematen zitzaiolako, herriaren erdigunetik ibilgailu astunen trafikoa aterata, hain zuzen ere, Mutrikuri eta Ondarroari zerbitzu egokia emanda eta herritarrentzat eta bisitarientzat hirigune atseginagoa eta bizitza kalitate hobea lortuta. Eta kostaldeko errepide hobetu honek Mutrikun ez die konponbiderik ematen zirkulazio-arazo larriei, hirigunea erdi-erditik zeharkatuta trafiko arrisku bizia sortzen baita edonoiz ezbeharren bat gertatzeko ere.
Mutriku-Sasiola proiektua, gaur egun kostu arrazoiengatik eta Foru Aldundiko gaur egungo gobernuaren borondate politiko faltarengatik atzera bota dena, 2000 urteko martxoan hasi zen bost alternatibarentzako lehiaketa deituta. Ohizkoak diren zailtasunak gaindituta, 2003ko apirilaren 24an Foru Aldundiak aukeratutako alternatiba aurkeztu zuen udaletxeko Bilkura aretoan. Proiektuaren kostua 82 milioi eurokoa izanik, garestitzat hartu eta ez zen aurrekontuetan jaso (2003-2007). Ondoren (2007-2011), krisialdi prozesuan sartu zen. 2011-2015 legealdian kostua modu nabarmenean jaitsi zuen (18 milioi euro) beste alternatiba bat idatzi zen, alternatiba egingarriago bat, ekologikoagoa eta beharbada kostaldeko obra baino merkeagoa izango litzatekeena eta arazoa neurri handi batean konponduko lukeena.
Mutriku-Sasiola alternatiba berritu hori da Foru Aldundiko gaur egungo gobernuak baztertu duena, baina horixe da, nire ustez, mutrikuarren benetako interes orokorrei erantzungo liekeena, eta, horregatik, horixe aldarrikatzen jarraituko dugu.
– Jose Agustin Elezgarai, Mutrikuko Alkate ohia