Gure itsaslabarren xarma
Deba, Mutriku eta Zumaiako itsaslabarrak eta inguruko mendiak protagonista dituen Euskal Kostaldeko Geoparkea (https://geoparkea.eus/eu/) ezaguna egingo zaizue dagoeneko ezta? 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da eta, 2015ean, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena ere eskuratu zuen. Geoparke honetako material geologiko famatuena Zumaia eta Deba inguruan, liburuko orrialde desberdinak balira bezala azaleratzen diren arroka geruza gogor eta bigunen txandakapena erakusten duen Flyscha da. Harrizko liburu honek Lurraren historiaren pasarte ugari (60 milioi urte edo gehiago) ditu gordeta barrenean.
Gure kostaldeak agerian ere badu bere xarma. Bertako arroken forma aldarazten duen faktore nagusiaren arabera, itsaslabarrak (olatuek modelatutako kostaldea), estuarioak (mareek) eta deltak (ibaiek) bereiz daitezke. Gurean hobekien mantentzen den estuarioa Urdaibai Biosferakoa da. Eskualdean, Artibai edo Leakoek gizakiaren eraldaketak pairatu dituzte. Delta bat ikusteko, mediterraneo itsasoaren kosta-lerrora hurbildu behar gara; hor dago, Ebro Delta, adibidez.
Gure kostako itsaslabarretan elementu geomorfologiko desberdin asko daude; itsas- rasa edo marearteko zabalguneak, badia eta lurmuturrak, hondartzak eta hauen atzeko dunak, edo tonboloak, adibidez. Itsaslabarren oinean olatuek gogor jotzen dute eta arroken higadura eragiten dute, zuloak sortuz eta gaineko materialak amilduz. Prozesu hau errepikatuz, itsaslabarrek atzera egiten dute eta itsas-rasa edo marearteko zabalguneak azaltzen dira. Sartu sarean eta ikusi Sakonetakoa, adibidez.
Bestetik, gure kosta-lerroko material gogorrenak olatuek eragindako higadurarekiko erresistenteagoak dira, eta lurmuturrak eratzen dituzte, Ogoñoko lurmuturra, esaterako. Biguinen higaduraz, ordea, badiak sortzen dira, higaturiko materiala metatuz, hau da, hondartzak eratuz. Laga hondartza, esaterako, atzekaldean haizeak sortutako dunak daudelarik. Arroken higadura diferentzialaren ondorioz, kosta-lerrotik bananduta azaltzen diren irla edo muinoak ere badira, Getariako arratoia, Gaztelugatxe edo Lekeitioko Garraitz irla, adibidez. Hauetako batzuk, harea-barra batekin kosta-lerroari lotuta egon daitezke, tonboloak osatuz.
Bufoiek eskeintzen duten musikarekin agurtzen naiz. Kostaldeko arroka karbonatatuen disoluzioz sortzen diren zulo bertikalak dira, itsas ura bertatik gainazalera azaleratuz, tronboien antzeko orru edo soinua eskeintzen dutelarik. Sartu sarean eta bilatu Llanes edo Praiako bufoiak eta entzun eskeintzen duten musika!