Gure kontsultategiak aurrera!
Azken urteetan arreta ezin hobea eman digun medikuak lekualdaketa eskatu zuenetik gure etxean,Mendexan, beldurrezgara. Gure kontsultak aurrera egingo zuela, eta hutsik geratzen zen lanpostua beteko zela adierazi zitzaigun ahoz Osasun Sailetik. Baina idatziz, berriz, konpromisoa ez da hain argia. Eta egunak aurrera egin ahala, gure beldurrak areagotzen daude. Izan ere, epe luzera gure kontsultategian nor eta batez ere zenbat denboraz egongo den ez dakigu.
Azaldu beharrik ez dago mediku kontsulta bat herrian bertan izateak duen garrantzia. Baina horrez gain, mediku bat modu egonkorrean izatearen garrantzia ere ukaezina da. Gurean Marisa izan dena, Lekeition Alejandro, Pablo, Laura, Aitziber, Tamara…dira. Edozein herritan ditugun ezinbesteko erreferenteak dira gure mediku eta erizainak.
Herritarrontzako ezinbesteko zerbitzua da, gure osasun eta ongizatearen giltza. Gure herrietako medikuak dira ezagutzen gaituztenak, sintomatologiatik haratago, gure historia eta egoera aintzat hartuta laguntzen digutenak. Gaixotasun kronikoak kudeatzen dituzte, minbizi prozesuetan onkologoekin itzultzaile lanak egiten dizkigute, tentsioak gora egiten digunean gure egoera pertsonala aintzat hartuta erabakiak hartzeko gai direnak dira…. Familia medikuen ezagupen eta erabaki ordena historia klinikotik haratago daudelako da hain garrantzitsua lanpostu hauek modu egonkorrean betetzea.
Osasunarekin ez da negoziatzen, osasunarekin ez da jokatzen. Gure herrienganako begirunea, ardura eta errespetua eskatzen ditugu. Osasun sailburuaren kabinetetik zenbakiekin erantzuten zaigunean, gure baitan eta errealitatean zenbakiak izenak direlako. Tio Jabier, Tio Ramon, Tia Nenake … eta beste hainbeste senitarteko eta lagun.
Azken urte luze honetan arduraz jokatzeko eskatu diguten berdinei ondokoa esan behar diegu: Guk bete dugu, arduratsuak izan gara. Eta zuek? Gureganako ardura bera erakutsiko duzue? Gure herrian hutsik geratu den lanpostua lehenbailehen betetzea eskatzen dugu. Konpromiso argi bat behar dugu.
-Alaitz Uskola (Mendexa)