Halako aurreskulari itxuragaz Panizorenak egiten
Akordaten naz bazkalondoan futbolaren ganean berba egiten bagenduan aita Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gaintzaren garaietara ailegatuko zala: «Inoiz egon danik eta delanterarik onena! Panizo ikusi egin behar zan, burua bajatu barik jokatzen futbolean», nahi barik zutitu eta hanka artean baloia baleu lez jokaldiagaz segiduten eban: «Ikusten dozu, baloiari behatu barik, eta… hara, ikusi dozu? Panizok pasea Iriondo edo Gaintzaren hanketara botaten eban eta gero hauetako batek zentroa areara, eta badakizu zer pasaten zan, ez? Ba Zarra hantxe egoala gola sartzeko, eta halan zan, jokatu futbolean haretxeek egiten eben lagune. Inoiz egon danik eta delanterarik onena!». Halako aurresku dantzari itxuragaz Panizorenak egiten aitagaz akordaten nazen guztietan irribarrea azaltzen da neure gogoan.
Ez dakit zenbat urte izango nebazan, zazpi edo zortzi, eta futbol zalea ez banintzan be, lagunekin futbolean jokatu behar zan, eta zapatu arratsaldeetan Zaldupe futbol zelaira joaten ginan. Han eskina baten jokatzen genduan beste mutikoekin pozutzan, baina horretarako futbol erropa behar zan, eta gehienok umetan Athleticeko kamisetagaz jokatzen genduan, ze Erregeek Athleticeko futbol erropa ekartzen euskuen.
Betidanik ohitu izan gara ziklismoa, pilota eta futbola gure bizitzaren parte bat izateaz, kirola zan haurtzaroan besteekin hartu-emonak izateko erarik errazena, geure tokia bilatzeko, integratzeko. Zenbat ordu eman genduezan eskola nazionaletako patioan futbolean; primeran jokatzen zan, behegain fina eukan eta. Baina futbolean batez be oinutsik jokatzen genduan hondartzan, kuadrilen arteko partiduetan eta «playeroetan». Sekulako akordu onak daukadaz, orduan bizitzari futbolari ona izatea baino ez neutsan eskatzen, eta bizitzak ez ninduan hainbeste estutzen, edade bakoitzak berea.
Hamazazpi urtetarako, futbola laga neban eta ikasketak be laga nebazan; okerretara joz gero, edadeak ipinten gaituen lekuan kolokatu nintzan: morroi semeak morroi izaten segiduten dogu, jenerazino bat edo bi behar doguz marjinazioa eta alkoholismoa garaitu eta gutxieneko baliabide ekonomikoak lortzeko. Bueno, hor nabil neure edadeko gainontzekoak lez, jubilazinoa ate joka dodala, beste momento bat ahalik eta lasaien jokatzen; iluntzea laster etorriko dala jakin arren, aurrera behatuz (Panizok lez?). Neure bizitza guztian, Athleticen erreferentzia beti hortxe izan dot, ze beti giza baloreak eskeini deuskuz: ahalegina, talde lana, norberea baloratzea, besteak beti errespetatzea… geure izaeraren adierazpide onenetarikoa dalakoan nago. Hondino be aita begien aurrean dot aurreskulari itxuragaz Panizorenak egiten, beti be burua tente, aurrera begira Gaintzari baloia pasaten, Zarrak gola sartzeko.