Harresien garaian, euskara zubi
Autoa gidatzen dudan bitartean, Kataluniako Gobernuak katalanaren gutxieneko ezagutza ziurtatzeko eskaria egin duela entzun dut irratian, atzerritarrek espainiar estatuan bizitzeko baimena lortzeko egin beharreko tramiteen artean. Auzo-lotsa sentitu dut, eta neure barnerako pentsatu: «Eskerrak Eusko Jaurlaritzak ez duela horrelako astakeriarik esan!». Bada, auzo-lotsa segituan handitu zait, Eusko Jaurlaritzak ere Estatuaren dekretuari alegazioak jarriko dizkiola esan baitu.
Euskararen ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan modu erregularrean bizitzeko eskakizun modura ezartzea bi arrazoirengatik izan daiteke: edo gure artean bizi diren etorkinen egoera zein den guztiz arrotza egiten zaio Eusko Jaurlaritzari eta ezjakintasunetik egindako proposamena da, edo egoera horren jakitun izanda, bertokoen eta etorkinen artean bereizketa eta bestetasuna sustatzeko proposamen arrazista da.
Euskararen kontrako oldarraldia bizi dugula agerikoa da, baina euskaltzaleok badakigu gure kontrako erabakiak nortzuk hartzen dituzten: PSE-EE, CCOO, UGT, VOX eta hauek beraien nahiak betetzeko erabiltzen dituzten epaileak dira gure hizkuntzaren etsai, guzti-guztiak autoktonoak. Beraz, fokua euskararen kontra lanean dabiltzanengan jarri beharrean, gurean egoera prekarioenetan daudenengan jartzeari ezinbestean kutsu arrazista dario.
Eusko Jaurlaritzak etorkinak espainiar estatuan modu erregularrean bizitzeko beharrezkoa duten dekretuari alegazio arrazistak aurkeztuko dizkiola esan duen aste berean, Madrileko kongresuan, burka eta niqaba debekatzea eztabaidatu da, eta ez da kasualitatea. Eskuin-muturraren diskurtsoa legitimazio handia lortzen dabil, eta Eusko Jaurlaritzak olatu hori aprobetxatu nahi izan du, diskurtso arrazistarekin bat eginda, euskal hiztunon babesa jasoko duelakoan.
Testuinguru honetan, argi izan behar dugu bidea ez dela euskararen izenean eskubideak baldintzatzea. Edozein pertsonak du gurean bizi eta lan egiteko eskubidea, euskara jakin ala ez. Euskara biziberritzeko konpromisoak ezin du inor kanpoan uzteko aitzakia arrazista bihurtu. Gure hizkuntza guztion ondarea da, eta partekatuz indartzen da, ez bazterketarako erabiliz. Oldarraldi faxista honi aurre egiteko, berdintasunean eta elkartasunean oinarritu behar dugu: egin dezagun euskara zubi, eta ez harresi!