Hartu-emonen bidez lortzen dan maitasunagaz irautea
Errealitatearen aurrean ahalik eta modu praktikoenean funtzionaten dogu, eta gutako bakoitzak gertatutakoa behatzeko eta ulertzeko era desberdina dauka. Etorri leikeana aurreikusteko, gertatutakoagaz akordatea baino gauza hoberik ez dago, batez be problemei soluzinoa aurkitzeko baino konplikatzeko joera dagoenean. Aurrekoan As bestas Rodrigo Sorogoyenen pelikulea ikusteko aukera izan neban, eta harrituta geratu nintzan, ze hartu-emonetan mutur joka bueltarik ez daukan puntu batera ailegatu, eta atzera ezin eginda atsekaberik latzena sufritzeko kapaz gara.
Pelikulako hasierako irudietan zaldi basatia mantsotzearen lekukoak gara, bi gizonek lepoa bihurrituz lurreratzen dabe ia ito arte, hezi arte euren esanetara. Gizarteratzeak hezitzen gaitu, norbere izaera amankomunean bizitzera moldatuz: gurasoak, eskolak, etxeko ahalmen ekonomikoak, sexuak, egunerokotasunerako hezitzen gaitue, denok ahal dogunera nahia eta ezina uztartuz, errealitateak denontzat bere uztarriak ditu eta.
Galiziako mendi auzoetan gizonak tabernan batzen dira, lagun artean partida jokatu eta euren eguneroko arazoez berba egiteko. Galegoz berba egiteak zein frantsesa erabiltzeak errealismo handiagoa ematen deutse irudiei eta auzokide diren pertsonaien arteko gertutasun eza, bizitzari aurre egiteko bi ikuspunturen arteko txokea, biolentziak daben gordintasunean azaltzen da. Alkarren arteko gorrotoa hasieratik nabarmena da, eta behin eta barriro batak bestea erasotu beharra justifikatzen dau. Tabernan bi etsaiak euren egoeraz argi eta garbi berba egitean, alkarri inolako irtenbiderik ez emoteko deman, gizakion historian emon diren hainbat istiluren erretratua aurrez aurre dogu.
Sorogoyenen pelikulea, auzo bateko hilketa baten istoria, erabaki salomonikorik hartzen ez dan Bibliako parabola bategaz konparatu geinke. Zelan aurkitu irtenbidea, legea bataren alde egon arren, lehian dagozan biek euren arrazoia badabe ez errendiduteko? Hiltzailea da erruduna, baina alargunari ezerk ez deutsa senarra bueltauko, argi dago muturreko egoera batean bitartekaritza derrigorrezkoa dala, eta kalte txikiena eragiten dauanak arrazoia dauala, eta ez boteretsuagoa dalakoan kalte handiena eragin leikeanak.
Beharbada gizonon historia da pelikulean azaltzen dana, ze emakume protagonistaren jokabidea bestelakoa da, bere esanetan maitasunak emoten deutsa zentzua bizitzari, benetako maitasuna aurkitzeak. Alargunak bizitakoak bizi izanda be, inguruagaz bakea topaten dau, ze bere helburua ez da argudioen bidez boterea lortzea. Argi dago gizona humanitatearen protagonista izan beharrean emakumea izan balitz, maitasunagaz irauteak boterearen eskarmetuak baino balio handiagoa izango ebala, hondino garaiz gagoz aldatzeko.