HASIERAKO AGURRA
Oholtzara igo da bertsolaria. Txalo zirimiri kortesiazkoa. Eztul erdipurdiko bat. Ezpainak mikroan. Enborra zurrun. Hartu du arnasa sakon eta hor doa.
Egundo ez zait gustatu bi musurekin agurtzearena. «Aupa, ni Koldo, pa, pa». Nork jo zituen parekotzat arrotza zaizun ezezagun batekiko lehen kontaktua eta zure amari oparitutako maitasun keinua? Ez zait bidezkoa begitantzen. Barkatuko didazu, irakurle, baina oraindik ez dugu izotzaldia urtu neurri horretako konfiantza adierazpen bat egiteko beste. Ni bostekoa ematearen aldekoa naiz. Ez, baina, maskulinitate hauskordun espezimenek egiten duten legez, hartzaileari indarrez tiratuta. Nahiago nuke goxotasunez har dezazun nire eskua, berdinetik berdinera.
Aurkezpenekin hasita, ni ni naiz. Zu izan nintekeen ni bat. Nahiko arrunta da nire bizitza, Netflixek telesail bihurtuko ez lukeen horietako bat. Badaukat, hala ere, berezia naizela sinisteko joera bat. Gogoko ditut metroan doan jendearen bizitzak asmatzea, ezertarako balio ez duten datu randomak zerrendatzea eta olagarroa patatekin. Hori izango litzateke enpresa serio batera bidaliko nukeen curriculuma.
Terapeutak esaten dit ezetz esaten ikasi beharko nukeela. Nire bizitza ez dela post-itez betetako hozkailu bat. Ezin banaiz etxe ondoko baratzeaz kargu egin, ezin dudala bertan hazi gehiago landatu. Antsiak menderatzen nau, ordea. Lekuetan egon behar dut, ekintzak burutu, parte hartu, ekarpenak egin… ni izango banintz bezala auskalo zein kausaren salbatzaile (superheroi kutreren bat edo, asko jota, kapa atzekoz aurrera janzten duena). Betiko jarrera berari eutsi nion Hitzakoek zutabe honetan idaztea eskaini zidatenean ere. Argi daukat: ezetz esan behar nien damutu orduko.
Izan nadin zintzoa. Ez dakit zeri buruz idatziko dudan. Ez dago inguruotan asaldatzen nauen ezer. Gure eskualdean mundu osoak darabil euskara naturaltasunez, nekez ageri da etxebizitza turistikorik kostaldean, ez dago bortxatzailerik herriko tabernetako terrazetan kafeak hartzen, gazteak zoriontsuak dira haien diskurtso aurrerakoiekin… Ez dakit zeri buruz idatziko dudan. Aspaldion primeran doa dena gurean.
Dena den, orriotara pentsamendu kritiko apur bat ekartzea baino ez zait otutzen. Bai, badakit abangoardia intelektualaren lurraldean bizi garenez (Bakearen Hiria, Tuna Word Capital eta hori guztia), ez dugula horrelakorik behar. Nik, baina, gusturen egiten dudana baino ez dut eskaini nahi: hausnarketa sorta eta limoi ura zaurian. Badaezpada ere.
Ordenagailu aurrean dago idazlea. Ilunabarra kristaletik. Flexoko argia keinuka. Begi igurzketa bat. Hatzak teklatuan. Hartu du arnasa sakon eta…