Hemezortzi zentimo
Miligramo bakarreko lorazepama agindu zidan medikuak hemezortzi urte bete nituenean. Berba hori lehenengo aldiz entzun nuen Gernikako ospitaleko psikiatraren gela zurian. Behin aditzea nahikoa izan zen egun osoan zehar nire barruan dantzan ibiltzeko: alde batetik bestera, gora eta behera, silabaka, letraka… Psikiatra hilean behin bisitatzen nuela isilekoa zen; horregatik, miligramo bakarreko pilulen inguruko usteak barrutik errepikatzen nituen: «Lora-zepam: beharbada loreekin izango du zerikusia», «Loreekin zerikusia izanez gero, Aneren dietetikan ere galde dezaket», «Diazepam irakurri nuen behin amaren medizinetan, eta hau ere ‘pam’-ekin bukatzen da»… Usteak erdi ustel, ziur nengoen nire hiztegirako beste hitz bat zela. Everyday is a school day.
Gogoan daukat lehen aldiz lorazepama mihigainean jarri nuen aldia; bizikletan ibiltzen ikastearen antzera, inoiz ez nuela ahaztuko esan zidan terapeutak. Edalontzia txosnako basoek «z» markatzen duten lerroraino urarekin bete, eta barrura. Pilula bakarra besterik ez nuen behar izan konturatzeko ez duela inolako zerikusirik dietetikan sal daitezkeen homeopatiekin. «Lora»rekin hasi, «pam»ekin amaitu. Pam. Pilula irentsi, eta beste errealitate bat ezagutu nuen haren albo-ondorioei esker.
Orduantxe jabetu nintzen sendagaiaren izenaren lehen silabak zuen garrantziaz: «lo». Horrelaxe igarotzen nituen orduak, egunak, asteak, hilabeteak, eta ia urteak ere: lotan. Sarritan madarikatu izan dut medikatzea erabaki nuen eguna. Ez nuen espero, gaztetan erretzen genuen kannabisarekin modura, tontotu egingo nintzenik. Arazoa sustraietatik heltzeko nahiz barruko korapiloa askatzeko unea atzeratzen zen pastilla bakoitzarekin.
Bitxia iruditu zitzaidan farmazeutikoak «hemezortzi zentimo, mesedez» esan zidanean, hemezortzi zentimorekin antsietateari agur esatea lortuko banu bezala. Lasai-lasai nenbilen ni hilabete haietan, botikak sortutako dependentziaz eta gerora berpiztuko zen antsietateaz jabetu gabe.
Epe laburrerako konponbidea besterik ez ziren izan psikiatrak oparitutako lasaigarri madarikatu haiek.