Herri burujabeak
Hernanin urteak daramatzate herri burujabetza lantzen. Hernani Burujabe proiektuan honela definitzen dute burujabetza: herri eta komunitateek eurek erabaki bezala garatzeko beharrezkoak dituzten baliabide, jakintza eta prozesuen inguruko jabetza, erabakimena eta ekiteko gaitasuna. Euskal Herriko herri zein eskualdeetarako biziki interesgarria den proiektua da Hernanikoa, eta ondorengo ezaugarriak ditu:
– Burujabea eta tokikoa: bertakotasunean eta tokiko eragileen saretzean oinarritutako proiektua da; berezko erabakiak eta gobernantza ezartzea ahalbidetzen duena.
– Ongizatea helburu: norbanako zein kolektiboen bizi baldintza duinak bermatzea da helburua, bizitza erdigunera ekarriz.
– Publiko-komunitarioa: lurraldea edo herria osatzen duten eragileen arteko elkarrekintzan oinarritzen dena.
Herri burujabetza proiektuek orohar hiru ardatz dituzte. Batetik, herria dago. Herritarrek komunitatearen beharrak identifikatu eta planifikatuko dituzte. Bestetik, udala. Udalak herritarren beharrizanak asetu ahal izateko baliabideak erraztuko ditu, interes orokorra eta unibertsaltasuna bermatuz. Eta, azkenik, ehun ekonomikoa. Ehun ekonomikoak jendartearen beharrak asetzeko egitasmo ekonomikoak eskaini behar ditu, kasuan kasu, udalak eta herritarrak bilduko dituzten egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboak sustatuz.
Hainbat dira herri burujabetzatik landu daitezkeen arloak: elikadura, energia, hezkuntza, kultura, zaintza,… Era berean, hamaika dira Euskal Herri zabalean burujabetzen aterkipean koka daitezkeen esperientziak. Baina horietan guztietan arrakasta lortzeko oinarri sendoak behar ditugu. Nafarroako Araizko bailarako baserritar bati entzun nion mundu globalizatu honetan proiektu burujabeak modu egokian bideratzeko indigena izatea prestigiatu behar dela udalgintzatik. Bere ustez, garai bateko egiteko moduak berreskuratzen dituztenentzako eta ama-lurrarekin lotura estutzen dutenentzako udalek politika diskriminatorio positiboak bultzatu beharko lituzkete, eta bat nator iritzi horrekin. Adibidez, elikadura burujabetzari dagokionez, udalek burutu ditzaketen honako zazpi ekimen indigena hauek aipatuko nituzke:
– Baserritarrek basoaren zaintzan egiten duten lana errekonozitzea.
– Nekazari zein arrantzale ofizioak prestigiatuko dituzten ekimenak sustatzea.
– Bertoko produktuak lehenesteko politikak egitea.
– Herriko nekazariak sortzeko proiektuak martxan jartzea.
– Ekoizle txikientzako transformazio guneak martxan jartzea.
– Eskualde eta herrietako elikadura mahaiak sortzea.
– Aitona-amona baserritarrik edo arrantzalerik izango ez duen lehenengo belaunaldia sentsibilizatzeko gaia lantzea.
Beste arloetan ere indigena izaera sustatu behar da udaletatik, nahiz eta kontra daudenek politika horiek erradikalak direla esango duten. Udal politika burujabeek bihar (azaroak 25) indarkeria matxista salatzera kaleetara aterako den norbanakoa babestu behar dute. Baita azterketak euskaraz egiteko borrokan dabilena ere. Euskaraz historia klinikoa idazten duen medikua. Palestinaren eta herrien askatasunaren alde dagoena. Migranteei eskua luzatzen diena. Kolektibotasuna eta komunitate izaera bultzatzen duena. Arrazakeriaren aurkako ekimenak egiten dituena. Zaintza sistema publiko komunitarioa bultzatzen duena.
Herrigintzak eta udalgintzak eskutik helduta egin behar dute burujabetzarako bidea.