Herria 'dibertidue' egitea
Duela pare bat hilabete jaso nuen lerrook idazteko gonbitea, Markina-Xemeindik ere berbaren bat edo beste eskualdera plazaratzekoa. Baiezkoa eman nuen, oso kontziente izan barik, bi biderrez pentsatu barik, eta harrezkero ez naiz gutxitan damutu. Baina nahikoa identifikatua dut baiezko bizkor hori ematearen arrazoia, nire barruan aztarrika egiten ibili banaiz ere, besterik ez baitut aurkitu: niretzat, hau bada herria egiteko modu bat; bada, zeozelan ere, kode komunak bilatzeko saiakera bat. Orain, herria egitea bera zer den bakoitzak asmatu beharko du. Abstraktua da asuntoa, hori ukaezina da, eta aplikazioak eta ulerkerak hamaika ditu. Horietako bat izango da bihar Markina-Xemeinen egingo duguna, lehen dibertimentuen: dantza, barrea, kritika —eta batez ere autokritika—, hausnarketa eta beste hamaika kontu izango dira. Herria hartuko dugu herria dibertidue egiteko.
Azkurarik ez da faltako, dibertimentue sortzez baita «punkia», jendeari musturren aurrean ispilu bat jartzea modukoa. Gure lotsak, urtean behin, plazara atera eta horri barre egiteko eguna. Elkar xaxatzekoa, eta baita, zergatik ez, zenbait mito desmitifikatzekoa ere. Interesgarria izango da, dibertidue, eta ziurrenik baten bat etxera joango da bere burua pertsonai baten baino gehiagotan ikusita: beraz, azal fina duenik ez dut espero publiko artean. «Punkia» baita bihar egitera goazen gauza hibrido hori, Ipar Euskal Herriko ondarea Hegoaldera ere ekarrita. Euskal dantzek eta bertsolariek ohituago daukate Markina-Xemein, eta begi eta belarriak goxatuko dizkiete herriari, ziur. Antzezleon txanda heldutakoan izango dira hazkurak, haserreren bat ere espero dut, hausnarketaren bat edo beste agian? Hori agian, larregi eskatzea litzateke.
Eta baten batek esango du: baina plaza erdira atera, tontoarena egin, eta kaka zabaltzeak zer du herria egitetik? Eta bai, esentzialista jarrita, dezenteko huskeria ematen du. Baina niretzat bada era bat beste Markina-Xemein bat amesteko, ezagutzen dugun herriari lotsak atera eta aldatu nahi ditugunak plaza erdian jartzeko; ariketa utopiko bat da ia. Urtean behin bada ere — eta espero dut horrela ez izatea eta honen arrastoak luzaro irautea— biharkoa izango da momentu bat autokritika ongi etorria egongo dena herri honetan, eta sektore batetik behintzat, naftalina usaina astintzea eskatuko dena. Ez dakit hori baino gauza iraultzaileagorik posible den gure herrian.