Hezkuntza Saila, horrela zaila da oso
Atzeratuta. Hori da Hezkuntza Sailak agerian utzi duena COVID-19ak eragindako zailtasunak kudeatzerako orduan. Bai, hezkuntza, gizartearekin alderatuta, hainbat martxa motelago doa. Jada bagenekien hori baina are argiago geratu da oraingoan. Eta horrela gertatzen ari da, Hezkuntza Saila ez zaiolako eskolari merezi duen garrantzia eta seriotasuna ematen ari. Eskola merezi duen lekuan jarri behar dugu berriz ere, komunitate guztiaren artean, familia, ikasle, langile zein irakasleok.
Izan ere, Hezkuntza Saila da egoera honetan huts egiten duena. Aulki bati zango batek huts egiten dion moduan. Ez dago aulkian eroso esertzerik zango hori konpondu arte. Orain, kolokan dago hezkuntzaren aulkia, Hezkuntza Sailaren zangoarengatik hain zuzen ere, «egiten dabiltzan» itxurazko eta gezurrezko eskolen kudeaketa katastrofikoa dela eta.
Beraien kudeaketarekin lotuta, zer esanik ez eskolako partaide, langile zein irakasleoi inposatzen dizkiguten zenbait betebehar eginezin eta irrealen inguruan. Honi lotuta, guk horiek modu batean edo bestean bete egiten ditugu eta betetzen gabiltza, presiopean eta lanez gainezka. Beraiek, ostera, ez dira gai eskolarako bueltaratzea denborarekin planifikatzen hasteko eta ezta eskolei gutxieneko giza-baliabide zein baliabide materialak eskaintzeko. Hori gutxi balitz, zeregin asko Hezkuntza Sailaren konpetentzia dira eta gu gabiltza egiten, eskola komunitatekook, ahal dugun moduan, orain arte egin beharrekoak asko izango ez balira bezala. Ezin dena da, nik nire lana egin ez eta ondoren besteei beraien egitekoak egitea exijitu, ikasleei, familiei, langileei zein irakasleoi egiten digutena.
Dena dela, ez gaude itzulera paregabea eskatzen, ez. Denborarekin antolatutako itzulera baizik, ganorazkoa eta segurua. Ikastetxeetara itzultzea, pandemia egoeran gainera, ezin da eskola hasteko egunak falta direla antolatzen hasi.
Honi jarraiki, non daude lanean hasi beharko liratekeen 1000 irakasle gehiago horiek? Non dago eskolan osasunari lotutako aspektu ezberdinak antolatu eta kudeatu beharko lituzkeen espezialista? Non sartuko ditugu 25 ikasle beraien artean metro eta erdiko distantziak mantenduz, ez badira ezta 10-15 sartzen gure geletan? Non daude espazio berriak? Nola jarri martxan jantokia ez badaukagu ezta espazio ezta pertsonal gehiagorik? Non gelditzen da langile eta ikasleen osasun integrala? Eta soziala? Eta emozionala? Egoera hau benetan penagarria eta bidegabekoa da. Gainera, jakinda, hainbat proposamen egin dizkiegula, guztiak lorgarriak.
Bitartean, eskola komunitatea osatzen dugun guztiok ez daukagu beste irtenbiderik irailaren 15ean grebara joatea, mobilizatzea eta borrokatzea baino. Dena emango dugu, zalantzarik ez izan. Eboluzioa beharrean, erreboluzio bat behar dugulako hezkuntzan. Bukatzeko, Hezkuntza Saila, entzun: «Edonola nahi izan duzue eskola hasi baina guk fundamentuz behar dugu hezi/ Jakin ezazue, arazo guztien gainetik eskola egingo dela hazi,/eta azkenean, salto egingo ditugula zuek jarritako hainbat hesi».