Hitzen mundua irudien garaian
Hilabete eskas baino ez da pasatu PISA informean (EAEn) lortutako emaitza eskasak argitaratu eta bazterrak nahastu zirenetik; batez be, irakurketari jagokozenak oso kezkatzeko modukoak ziran.
Hezkuntza Saila erantzuna emon beharrean aurkitu zan, eta askotan egiten dan moduan, arazo konplexu bati konponbide sinple eta erraza emon eutson: irakurketari egunero ordubete eskeintzea. Harritzeko moduko irtenbidea, nire iritziz. Irakurmenaren arazoa neurri honegaz konpondu daiteke?
Hezkuntza Sailak, lehenengo eta behin, ondo aztertu beharko leuke gai honen inguruan azken urteetan, hezkuntza-komunitaeagaz kontatu barik, jakina, hartu dabezan erabagiak. Aipagarrienak, besteak beste, eskoletako liburutegiko irakasle arduradunaren figura kentzea eta, batez be, ikaskuntza-prozesuan digitalizazinoari emon jakon lehentasun ikaragarria.
Liburutegiko irakasle arduradunak helburu garrantzitsu eta potolo bat eukan: ikasleengan irakurzaletasuna bultzatzea. Arduradun honen gain egoten zan ikasleek irakurritako liburuen idazleak eskolara gonbidatzea, ikasleei liburu egokienak aukeratzeko aholkuak ematea eta, azken batean, eskolako liburutegia dinamizatzea. Baina, antza danez, horrek guztiak ez dauka behar besteko garrantzirik Hezkuntza Sailarentzat.
Aitzitik, digitalizazino prozesuari, aparteko garrantzia eta lehentasuna emon jakoz baita baliabideak barra-barra eskeini be. Bultzada izugarria emon jakon 2009-10 ikasturtetik arbel digitala eta ikasleentzako ordenagailu eramangarri txikiak erabiltzeari. Baina zein baldintzatan? Euki dabez ordenagailuek segurtasuna babesteko filtrorik? Ala pornografia indarkeria eta bestelako orrietan sartzeko beste tresna bat eskeini deutsegue ikasleei? Eta larriena, zertan oinarritu dira lehenesteko baliabide honeek tradizionalen gainetik? Mesedegarriak ala kaltegarriak dira? Zein ondorio daukez pantailek ume eta gazteengan? Adituen iritziek erabagi horreek babesten dabez?
Nire esperientziatik, ondorio argi bat ikasleen arreta faltarena izan da, gero eta zailtasun handiagoak daukez entzuteko, hitzen munduan bizi beharrean, irudien munduan bizi diralako. Eta irakurtzeko isiltasuna ezinbestekoa da, entzun egin behar dalako, bai ozenki irakurtzen danean zein ahopeka irakurtzen danean, norbere buruarentzat.
Irakurtzeak edo entzuteak, isiltasunaz gain, ahalegin mentala eta abstrakzioa eskatzen dau, entzuten dabezan hotsak edo ikusten dabezan zeinuak, hau da, letrak, kontzeptu bihurtu behar dabezelako. Irudiek, aldiz, ez dabe horrelako ahaleginik behar, berehala eta modu pasiboan irensten diralako. Irakurtzeko, buruari eragin egin behar jako, ikusteko, barriz, nahikoa da norbere burua eroaten ixtea.
Horregatik, irakurketari ordubete eskaintzea baino, beharbada, premiazkoagoa da azken urteetan hartutako erabagiak berraztertzea. Gure ume eta gaztetxoen sormena, pentsatzeko griña eta buru gaitasun intelektualak garatu nahi badoguz, ezinbestekoa da irakurketari hezkuntzan dagokion lekua emotea barriro be!