Hodeia jausi da
Hodeiek zeruko mihise urdinaren monotonia apurtzen dute beren forma eta koloreekin. Askotariko itxuraz agertzen zaizkigu hor goialdean: saretuak, trinkoak, arrosa kolorekoak… Badira hegoaldeko harez kargatuta datozenak ere, eta usaina soinean dakartenak, egarriz daudenen pozerako. Hodei arraro samarrak ere badira: zapatetan dauden hodeiak (Mikel Etxaburu) eta hodei prakadunak (Maiakowsky), esaterako.
Aurreko barikuan mundua ez, baina hodeia jausi zitzaigun gainera. Aparteko zaratots barik erori zaigu neurriz makala ez den hodeia. Mundu osoa ezustean harrapatu eta kolapsoa, paralisia eragin du hodeitzarraren erorketak. Urliaren bidaia zapuztua, sandiaren autoa gasolina barik, berendiaren diru galera burtsan… Pantailak itzalita, mediku txostenak galduta, bankuen diru tratuak etenda… Eskuz idaztera, eskuz artatzera, eskuz ferekatzera pasatu izan behar dugu. A zer desastrea, hodei madarikatuak!
Gizakiok arbolatik jaitsi eta bi hanketan lurrean paratzearekin batera, gora begiratu izan dugu, handik zer etorriko den aiduru. Mitoak sortu ditugu, mundua ordenatzeko eta esplikatzeko. Euskal mitologian Odei dugu adibide bat: «Odei trumoiak, tximistak eta ekaitzak eragiten dituen jeinua da. Nekazariak izutzen ditu bere izpiekin uztak galduz. Kontakizunen arabera, ekaitz-hodei moduan agertzen den zeruetako jeinua edo jainkoa da. Ortzi edo Urtzi jainko zaharraren ordezkoa. Batzuetan, elezaharretan, jeinuen buru Mariren seme gaizto gisa agertzen da». Egun, alabaina, ez dugu kandela bedeinkaturik pizten, ez eta etxean erramu adarrik erretzen. Aizkora bat jartzea etxeko ate nagusiaren atarian, ahoa gorantz duela, hura uxatzeko eta haren haserrea baretzeko? Pentsatu ere ez.
Dendorak aldatuz doaz. Guk, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik bizi garenok, nekez dugu zerurantz begiratzen; ez dugu, jada, naturaren indarrekiko errespetu eta beldurrik agertzen. Harriduraren sena ere galdu dugu, gure zilbor asekaitzean jarriz beharen muga. Bai, metereologoen abisu barik, alarma gorriak piztu barik, braust jausi zaigu hodeia burugainera. Geuk sortu eta geuk elikatzen dugun munstro orojale eta orojakilea bihurtu dugun hodeiak pot egin du. Bere alokatutako sabela gure identitatearen aztarnen gordailu bihurtu dugu, inuzentekeri barregarrienak amets sekretuenekin nahasiz. Hodeiak hori guztia liseritu ezinik oka egin digu; goitik behera. Ez da lehen aldia eta ez da azkena ere izango.
Bitartean, hodei ustel bat darabilgu zelatan. Eguna gautzen duen faxismoaren hodei baltza, hain zuzen ere. Hori ez da berez jausiko; hori bota egin beharko dugu. Putz egitea dagokigu. Beraz, zuek putz handik; guk putz hemendik. Usteltzen hasia dago eta laster eroriko da.