Homo ‘narcissus’ inozoa
Ez dago beste joko transgenerazionalagorik Mario Kart baino. Etxekoek, nagusiek zein gazteek, ezagutuko dute. Auto-lasterketa bat da, non zorizko sari-kutxak har ditzakegun, eta suertatutako oparia beste lasterkarien kontra jaurti (bananak, dortoka-oskolak…). Izan ezazue jokoa buruan, eboluzioa ulertzen lagunduko
digu eta.
Sagardotegiko pisaldiak baino ugariagoak dira honako hau entzundako uneak: gizakia da animalia eboluzionatuena. Abiapuntua ez da txarra. Behintzat, biologiako klaseek animaliak garela argitzeko balio izan dute. Alabaina, superlatiboaren erabilera, eboluzioaz gabiltzanean, ez da zuzena. EHUko ekologiako eskolan, horren arrazoia era ulerkor batean azaltzeko, Erregina Gorriaren Hipotesia (Lewis Carrol idazlearen Alicia a través del espejo eleberritik hartuta) erabiltzen da; hau da, espezieak inguru-baldintzetara etengabe egokitu behar direla deskribatzen du, bere statu quo-a mantentzeko eta, beraz, bizirauteko. Beste era batera esanda, bizidun GUZTIAK sortu zirenetik gaur arte (gutxi gorabehera 3.500 milioi urte) etengabeko Behobia-Donostia batean egon gara eta gaude. Ez ditzagun ahaztu klima aldaketa, gaixotasunak, espezie-arteko lehia… lasterketa horretako galarazpen nagusiak baitira. Laburtuz, uneoro irabazten saiatzen ari garen saria existitzen jarraitzea da.
Norgehiagoka horretan pertsonek tête de la course direla pentsatu izan dute –inozokeria galanta–. Ostera, ustezko urrezko saria beste lasterkariak oztopatzen lortu du; alegia, platanoak errepidean jarri (habitat-suntsipena, baso-gainbehera, baliabide-gainustiapena) eta besteak irristaraziz utzi ditu atzean –spoiler: ez dago dominarik jokoan, eta besteen atzerakadak gurea ere eragiten du!–. Azpimarratzeko premia badu honek ere: azkenaldian «Homo sapiens» artean laguntza-eskuak baino, labanak zenbat-gura.
Adimena izaten da, piramidearen goialdean gaudela esateko, denen ahoa oso-osoan betetzen duena. Bada, adimena Mario Kart partidan egokitu zaigun zorizko sarietariko bat da, baina horrek ez gaitu besteen aurretik kokatzen; izatez, paraleloan eta abiadura berdinean goaz denak eboluzioaren aldapa malkartsuan. Bakoitzak bere autoa du, eta sari-kutxa ezberdinak zabaldu ditu, bideari eusteko. Hala ere, gogoratu lasterketa ez dela oraindik bukatu, eta denok dugula zer galdu. Are gehiago, bizidun askok guk baino ibilbide luzeagoa egin dute eboluzioan; beraz, ez ditzagun gutxietsi, torloju guztiak elkarrekin lan egiten ez badute, erlojua gelditu egingo da eta.