Ideia "alokatuak"
Aurreko batean bi ikasle autuan zebiltzala zera jaurti zion batak besteari: «A ze ideia alokatuak dituzun». Eroak esan beharrean «alokatuak» paratzea be! Erderakadetara ohituta banago ere, krakatekoa, sastakada sentitu nuen belarrietan. Segituan, berbatzarrak tiratuta lez, eurengana hurbildu nintzen mahaiz eta aulkiz osatutako barrikada gainditu ondoren. Bidean hitzekin jolasteko aukera igarri nuen, hau da, hitzen polisemiarekin jolastekoa, eta zera esan nien: «Ideien balioa m2-ka neurtuko balitz, poltsikoak hustu beharko zenituzkete, hain alokatuta dago merkatua. Hilean 16,59 €/m2, hain zuzen ere, eta goranzko joerarekin inork mugarik jartzen ez dion bitartean». Kostata, denboragarrenean, harrapatu zuten ironia.
Zoritxarrez, baina, ironiatik gutxi du hitzen joko honek. Ideiak, beste gauza asko lez, alokatu, errentan jarri daitezke. Ideiek ere jabeak eta maizterrak dituzte. Kontua da ideiatik ekintzara jauzi egiten denean. Arriskuak jakinak dira; panorama beldurgarria. Adibideak askotarikoak direnez, batzuk aletuko ditut bakarrik: sare sozialen erabiltzaile askoren jarduna ilustratu garaikideen (influencer) ideiak alokatzea da mundu zabalera barreiatzeko aurretiaz zuhurtziaren galbahetik pasatu barik.
Ideia «alokatuez» (eroez) asko dakite agintean dauden batzuek. Sionista genozidek euren heriotz-jardun «alokatuarekin» jarraitzen dute; Trump ahobero «alokatuak» zenperrenak diotza munduari otzan-otzan entzuten dion bitartean; alokatutako gezurren abaroan korporazio handien irabaziek gorantz egiten dute, gerra ekonomiaren gidari eta motorra bihurtu dutelarik; kapitalismoak langileak alokatzen jarraitzen du beren lan-indarra diru iturri bihurtzeko; herrialde aberatsek, trantsizio berdearen kapa jantzita, lurrak alokatzen dizkiete herrialde pobreei zaborra bertara eramateko; karbono-isurketa eskubideak ere alokatzen dira ekomafia sare erraldoia eratuz; emakumeak alokatzen dira plazerrerako objektu gisa; emakumeen sabelak alokatzen dira erditu nahi ez dutenen denbora baterako kontenedore bihurtzeko. Azken berria da AEBek ezarritako gerra komertzialaren boomerang efektuagatik oiloak alokatzen omen dabiltzala arrautzak urrearen prezioan saltzen direlako. Gainbehera doan mundu «alokatuaren» seinale hauen aurrean, duintasunaren (norbanakoa eta kolektiboena) aldeko borroka piztu beharra dugu. Duintasuna ez da alokatzen!