Ihes egin
Ihes egiteko gogoa sentitzen dut askotan. Atzera begiratu gabe, korrika egiten hasi eta gorputzak jasaten duenera arte jarraitu nahiko nuke. Nire ahizpa psikologoa da, eta behin baino gehiagotan azaldu dit gure buruak babesteko duen mekanismo bat dela ihes egiteko nahi hori. Antsietatea edo estresa sentitzen dugunean, gure garunak egoera hori arrisku larritzat jotzen du, nahiz eta arrisku fisiko errealik ez egon. Ondorioz, gu babesteko beharra sentitzen du, eta aukerarik onena hori dela sentiarazten digu. Ez dut ulertzen oso ondo zergatik gertatzen zaidan hori, inoiz ez bainaiz izan oso trebea korrika egiten, baina, tira, babes mekanismo kontua izango da nire kasuan ere.
Kirola ez da nirea. 14 urte nituela saskibaloira jokatzeari utzi nionetik ez naiz korrika egitera atera. Nire lehen entrenatzaileak (gaur egun kartzelan beharko lukeen hark) esaten zidan ez nekiela korrika egiten; arraro egiten nuela, lurrera begira. Horregatik, eta saskibaloira jokatzen oso txarra nintzelako, taldeko bi onenekin batera egunero entrenamendua hasi aurretik korrika egitera bidaltzen ninduen Allendeko patiora. Gainerako umeak jolas-orduaz gozatzen ari zirela, han ibiltzen ginen hirurok, bueltaka. Beno… tranparen bat edo beste ere egiten genuela aitortu behar dut.
Litekeena da garai hartan korrika egiteari eta kirola praktikatzeari nolabaiteko mania hartu izatea gaizki ematen zaidan zerbait dela sinestarazi zidatelako urte luzez. Baina begira nolakoa den gure burua: estresa eta antsietatea agertzen diren uneetan, nagoen tokitik atera eta korrika ihes egiteko esaten dit. Ez dakit gaur egun 300 metro baino gehiago aguantatzeko gai izango nintzatekeen, seguruenik ez. Hala ere, gogoa eta tentazioa hortxe egoten dira beti.
Denborarekin, Arantzarekin, eta nira ahizparekin ordu asko igaro ostean, ulertu dut gauzak zail jartzen denean ihes egitea ez dela aukera bat. Antsietatea sentitzean ihes egiten badugu, momentuan lasaitasuna lortzen da, baina epe luzean urduritasun hori indartu, gogortu eta elikatu egiten da. Ez hori bakarrik, egoera bat zenbat eta gehiago saihestu, orduan eta beldurgarriago bihurtzen da hurrengo baterako. Funtsean, geure buruarekiko konfiantza kaltetzen du, eta mugak jartzen dizkio gure bizitzari. Esatea erraza da; egitea, zailagoa. Baina hori irakasten ari natzaio neure buruari.
Hori bai, hau ez dadila aitzakia izan. Nire osasuna zaintze aldera korrika egiten hasi beharko dut, baina ez errealitateari iskin egiteko, kirola egitea osasuntsua delako eta seguruenik ondo etorriko zaidalako baizik.