Inertziari segitu edo aldatu
Laster jakingo da Lekeition, beste herrietan lez, datozen lau urteetan, nork gobernatuko duen udala. Gurean, bi alderdi dagozenez, jokoan dagoena sinplea da: Azken 8 urteetako inertziari segidu edo aldaketa ekarri Lekeitiora, aldaketa letra maiuskulekin.
Inertziari segitzea badakigu zer dan: Turismo-eredu masifikatu bat Lekeitiorako, postaletan polit-polita ikusten dana. Postaletan ikusten ez dana, ordea, berton bizi garenon eguneroko ogia da. Zer da hori? Lanik ez dagoela; etxebizitza bat erostea ezinezkoa eta urte osorako alokatzeko be ez dagoela etxerik -nahiz eta, etxe erdiak baino gehiago hutsik dagozen neguan zehar-; gazteak herritik kanpora bizitzera kondenata; kaleak eta komertzio txikiak neguan hutsik, Osakidetzaren desmantelamendua… Horrela segiduz gero, urte gutxi barru, Lekeitio nortasunik bako herri hila izan leike, hizkuntza eta kultura erdaldunagaz.
Guk herri honetan bete-betean sinisten dogu. Duin eta gustora bizi nahi dogu eta horretarako, arduraz jokatu beharra dago. Errealitateari aurrez aurre begiratu eta gaurko arazoei aterabidea emateko herri-proiektua garatzera gatoz. Lekeitio, lekeitiarrontzako bizigarri egitera, herritarrak eta bere beharrak erdigunean ipintzera.
Zaintzen duen herria izan nahi dogulako, herritarrak udal erabaki inportanteetan hasieratik amaierara parte izango diren gobernantza eredua landuko dogu. Eta denon artean, bide honek jorratu:
Lekeition euskara eta euskal kultura indarberritzeko herri osoa aktibatuko duen plana garatuko dogu, kirol-taldeekin, komertzioekin, ikastetxeekin…; Etxebizitza turistikoak mugatu eta urte osoko alokairua sustatuko dogu; «Lekeitio karbonoan neutro» izatea helburu, energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko proiektuak eroango doguz aurrera; Ekonomia lokala eta tokiko garapen jasangarria sustatuko dogu turismo masiborako politiken aurrean; komunitatearen baliabide guztiak aktibatuko doguz herritar guztien aukera berdintasuna bultzatzeko -edozein dela euren jatorri, arraza, generoa…- ; hezkuntza esparru osoa, elkarlanean, norabide berean jartzea bultzatuko dugu… Guzti-guztia egingo dugu, zaintzen duen herria izateko. Lekeitio beti izan dan lez, herri alai, euskaldun eta bizigarria izateko!
Aldaketaren olatua hasi da, izan zeu be olatuaren parte, eta etor zaitez bariku honetan 20:00etan udaletxe aurrera, ekitaldi herritarrera. Denon artean egin daigun aldaketaren olatua. Maite dogun Lekeitio, abante!
–Izaskun Robles eta Ander Goikoetxea. EH Bildu. Lekeitio.