«Intxortxu bi, hiru gaztaine»
Urte barri on! 3 hitz soil eta zeinen esaldi indartsua. Zeinen esaldi laburra eta zeinen neketsua bilakatu daiteken erabilpenaren arabera; errepikapenaren arabera. Debalde denez, edonon, edonorekin eta edozelan darabilgu jada.
Bistaz soilik ezagutzen dugunari esaten diogu, hortzak estutu eta irribarre behartu bat eginez. Kanpaikaden osteko parrandan, urte barri on mundu guztiari (besarkadak eta muxuak ere tartekatu daitezke nahi izanez gero). Urtebarri goizez mendian topo egiten dutenen artean ere, urte barri on (gurutzatu eta agurtzen ez dutenei izan ezik).
Joan gaitezan WhatsAppera une batez eta zerrendatu ditzagun urte berriaren aurrean bereiztu daitezken pertsonaiak: Kakalarriak dira oraindik urte zaharrean gaudela mezuak bidaltzen dituztenak, gerora ahaztu egingo zaielako edo «sarea kolapsatu egingo delako». Kartsuak dira taldeak (normalean bat baino gehiago) argazki, gif edo stickerrez josten dituztenak eta, azkenik, axolagabeak dira mezu bilduma ikaragarria irakurri (edo ez), gehienez talderen batera mezu orokor bat bidali edo zuzenean, erantzuten ez dutenak. Aipatutakoen artean, zeinekin identifikatzen zara gehien?
Beste sare sozial batean irakurri dut barrez leherrarazi nauen esaldi zerrenda bat, «Koinatuarenak» izenekoa. Adibidez, afaltzera joan aurretik, poteotik lagunak «bueno, datorren urtera arte» esanez agurtzea edo mahatsak irentsi osteko lehen tragoa eskuan duela «urte bat daramat edan gabe» esatea. Klasikoak baino klasikoagoak.
Muturrera joanda, tokatuko al zitzaion norbaiti urte on bat desio ez dionari urte on bat opa behar izatea? Pertsona hori existitzen baldin bada, hartu dezala lehiaketako garaikurra, txapeldun argia baita.
Urte hasierako kontua proposatutako erronka denak betetzea den arren, erdiak egitea ere ez da txarra. Beraz, adar jotzeak albo batera utzita, osasuna denontzako, eta eutsi goiari!