Iradokizuna/kexa
Idatzi honen bidez, kiroldegiko saio gidatuetako erabiltzaleok gure desadostasuna adierazi nahi diogu Mutrikuko Udal kiroldegia kudeatzen duen enpresari eta baita Mutrikuko udalari ere.
Ikasturte honetan zehar, langileen lesio eta baja egoeren aurrean, hauekin egindako kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu. Izan ere, betiko langileak falta izan direnean, azken hilabete honetan, hain zuzen ere, ordutegian adierazita dauden saioen formatuak ez dira bete. Besteak beste, ez dakigu klaseak egongo diren, ez dakigu nork emango dituen, ezta nola eta zer emango den ere. Horrek eragin zuzena izan du saio gidatuen garapenean eta kalitatean, eskaintzen diren zerbitzuetan egonkortasun eta jarraikortasun ezak zuzenean eragiten baitigu erabiltzaileoi.
Hori dela eta, beharrezkoak diren neurriak har daitezen eskatzen dugu, langileen lan-baldintzak hobetzeko, beren lana ondo egiten duten profesionalen jarraikortasuna bermatzeko eta langileekiko kudeaketa arduratsu eta errespetuzkoa ziurtatzeko.
Udari begira, saio gidatuen gutxieneko eskaintza mantentzea ere eskatu nahi dugu. Garai honetan kiroldegia erabiltzen dugunok, udan ere ohiko saioetan jarraitu ahal izateko eskubidea daukagu eta. Labur esanda, zerbitzu publiko honetan, erabiltzaileak eta langileak erdigunean jartzea eskatzen dugu eta norabide horretan neurriak hartzea.